"Umiliazioaren boterea XXI. mendean: legea, gizartea, kultura" izeneko mintegia Lege Soziologia Institutuan

Umiliazioa da gizakiok jasaten dugun kalte latzenetako bat. Pertsona baten identitateari eragiten dio. Umiliazioaren memoriak arrasto sakona uzten du gizabanakoarengan. Umiliazioaren emozioa arintzeak mendekua hartzera bultzatzen gaitu, justizia bilatzera, bidegabekeriaren oroitzapena gordetzera, testigantza ematera eta, batzuetan, barkatzera ere. Adituak ez datoz bat umiliazioa definitzerakoan baina gehiengoak, umiliazioa pertsona bat ez-gizaki gisa tratatzea dela onartzen du, haren gaineko kontrola izateko nagusikeriaz izaten den tratu baztertzailea.
Lege Soziologia Institutuan atzo hasi zen mintegi honek hiru helburu nagusi ditu:
- Garai honetan ematen diren umiliazio espazioak jaso, modernitateak umiliazio espazio berriak sortu baititu.
- Legea bera ikertu nahi da, babes-tresna baina, aldi berean, umiliaziorako bitarteko izan daitekeen neurrian. Hala, zuzenbidean kaltea, zigorra eta erreparazioa nla kontzeptualizatzen den aztertzen ari dira eta zuzenbidearen dimentsio praktikoa ere bai. Azken finean, ea legeak ba ote dituen umiliazio motak aitortu eta erreparaziorako tresna egokiak.
- Azkenik, umiliatuko ez duen gizarte duin baten ideiari buruzko hausnarketa teorikoa egiten ari dira.
Mintegia sei eztabaida saiotan banatu da eta tarteka, Eslovakia, Polonia, India edota judutar herrialdearen kontrako umiliazio jarrera eta politikak azaldu dira. Arratsaldean burutuko den seigarren saioarekin amaituko da aste honetako mintegia. Nazioarteko 17 aditu ari dira parte hartzen.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!