Oñatiko udala

ULMAk presio kanpaina leporatu die Mondragon taldeko arduradunei

2022/11/23
Card image cap
Aldi berean, Ezohiko Batzarra deitu du abenduaren 16rako MCCrekin duen lotura eredua erabakitzeko

  MONDRAGONeko buruek ULMAko bazkide kooperatibisten atxikimendu-askatasunaren aurkako kanpaina egiten ari direla adierazi du Oñatiko taldeak prentsa ohar bidez eta horrek berresten duela ULMAren gobernu-autonomia esku-sartzeen aurrean babesteko beharra. Hori da abenduaren 16rako deitu den ezohiko batzarrean Ulmako bazkideei aurkeztuko zaiena, alegia, MONDRAGON Corporación Cooperativa, Sociedad Civil-ekin harreman eredu berria onartzea. Eredu horrek MONDRAGONen baja ematea ekarriko du eta ondorioz, ULMA taldeko Kontseilu Errektoreari jarraibideak ematea, etorkizunean, eta kooperatiba-mugimendua garatzeko, MONDRAGONekin lankidetza bultzatzen saiatu dadin, eta arauen egokitzapena egin dezan orain arte MONDRAGON fundazioak kudeatzen dituen funtsei egiten diren ekarpenak kooperatiben mugimendua garatzeko erabili daitezen.

  Hori guztia bazkideei adierazteko barne-eztabaida prozesua abiatu zen orain bizpahiru aste. Bitartean, MONDRAGONeko arduradunak presio kanpaina egiten ari direla salatu du ULMAk, hainbat hedabideen bitartez eta taldeko kooperatibetara informazio osatugabea bidaliz. Oñatiarrek diotenez, Oronak eta ULMAk MONDRAGONen antolaketa malgutzeko aurkeztu zuten proposamena ez zen bientzat soilik baizik eta hala onartzen zuten kooperatiba guztientzat. Baina MONDRAGONek uko egin zion proposamena Kongresurako ponentzia gisa aurkezteari, nahiz eta araudiak ezarritako epe eta moduan presentatu zen.

  Guzti horren aurrean, eta kooperatiben erabakitzeko autonomia errespetatu dadin eskatuz gaia, ezohiko batzarrean bozkatuko dute ULMAko bazkide kooperatibistek. ULMA taldeko bederatzi kooperatiben Ezohiko Batzar Nagusia Donostian, Illunben egingo da, abenduaren 16an. Lehen deialdia 10:00etarako egin da, bigarrena, 10:30etarako.

  ULMA Taldean orain aste batzuk abiarazi zen barne eztabaida prozesuaren baiten 38 informazio saio baino gehiago egin direla adierazten du prentsa-oharrak. Bilera horietan taldeak MCCrekin izan dituen gorabeherak eta korporazioa uzteak  ekarriko dituen ondorioak azaldu dira. Mondragon kooperatiboaren proiektu handiei baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak ematen jarraituko du ULMAk, hau da, Laboral Kutxari, Lagun Arori edo Mondragon Unibertsitateari ekarpenak egiten jarraituko du. Eta orain arte MCCko funts kooperatiboetarako urtean bataz beste bideratzen zituzten 1,85 milioi euroak ULMA Fundazioak kudeatuko ditu, helburu berberetarako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!