Oñatiko udala

ULMAk bere hazkundea finkatu du eta nazioartean duen presentzia indartu du 2024an

2025/06/13
Card image cap
(Arg: ULMA)
Kooperatiba taldearen salmentak 1.151 milioi eurokoak izan ziren

  ULMA taldearen Batzar Nagusia egin da gaur eta joan den ekitaldiko kontuak onartu dira. Oro har, testuinguru ziurgabea izan bada ere, taldeak eta proiektuak bilakaera positiboa izan dutela adierazten dute datuek: ekoizpen lantegi batzuk ireki eta handitu ditu, filial berriak ezarri ditu, 145 milioi euroko inbertsioa egin du eta guztira 161 lagun gehiagori eman dio enplegua; horri guztiari esker, ULMAk merkatuaren beharrei aurre egin ahal izan die, orain arte bezala.  Laburbilduz, ULMA Kooperatiba Taldeak bilakaera sendo eta iraunkorra izan du eta erreferentziako industria taldeen artean sendo posizionatuta bukatu du 2024ko ekitaldia.

  Taldearen 9 negozioen salmenta bateratuak 1.151 milioi eurokoak izan ziren iaz, hau da, aurreko urtean baino %1 gehiago, eta irabazi garbia 109,8 milioi eurokoa izan zen, 2023koa baino %2,8 gehiago. 161 lanpostu berri sortu ziren eta urtea, 5.747 pertsonako plantillaz itxi zuen taldeak. Aipagarria da gainera, plantillaren %55ak matrize kooperatiboetan lan egiten duela. ULMAk inguruarekin duen konpromisuari eutsi dio 2024an, 1,1 milioi euro bideratuz gizarte, kultura, hezkuntza eta komunitate ekimenak laguntzera. Testuinguru bereziki zorrotz batean bada ere, ekitaldi honetako emaitzek proiektua indartsu eta sendoa dela berresten dutela esan du Iñaki Gabilondo ULMA Taldeko zuzendari nagusiak. Modu orekatuan hazi, nazioarteko posizioa indartu eta kalitatezko enplegua sortzen jarraitzea lortu dutela erantsi du.

  2025eko testuingurua konplexua dela azaldu da Batzar Nagusian: eskaera industrialaren desazelerazioa herrialde askotan, tentsio geopolitiko etengabeak eta Estatu Batuetan aplikatzen ari diren muga zergak, besteak beste. ULMA taldearen fakturazioaren %73 nazioarteko merkatuetan sortzen dela kontutan hartuta, lehentasun gisa, marjina operatiboak babestearen garrantzia azpimarratu da, berrikuntzan inbertsioak sendotzea eta ekoizpen gaitasuna hobetzea, bai eta zuhurtziaz posizio sendoari eustea.

  ULMA taldea bederatzi kooperatiba industrialek osatzen dute, 5.747 pertsonari ematen diete enplegua eta 81 herrialdetan jarduten dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!