Oñatiko udala

Ulma Packagingek filiala ireki du Indian

2026/03/13
Card image cap
(Arg: Ulma Packaging)
Asian duen presentzia indartzen du, nazioarteko hazkunde estrategiaren baitan

  ULMA Packagingek nazioartean hedatu eta hazteko estrategian aurrera egiten jarraitzen du Indian filial propioa ofizialki irekiz. Urrats honekin, hurbiltasunarekin, zerbitzuen bikaintasunarekin eta Asiako merkatu giltzarrietan epe luzerako garapenarekin duen konpromisoa indartzen duela jakinarazi du kooperatibak.

  Indiako filiala Thane Westen dago, Maharashtra estatuan. Filial berri hau mugarri estrategikoa da kooperatibarentzat, tokian tokiko presentzia indartzen baitu hazkunde industrial handia bizi duen eskualde batean eta ontziratze soluzio automatizatu, malgu eta errendimendu handikoen eskaria ere handituz doan inguruan. India, Bangladesh, Nepal, Pakistan eta Sri Lankako bezeroei zuzeneko arreta, laguntza komertziala, zerbitzu teknikoa emateko gaitasuna indartzen du Ulma Packaginek, eskualdeko beharretara egokitutako zerbitzu arinagoa eta zuzenagoa eskainiz.

  India funtsezko merkatu bihurtu da hainbat industriarentzat, hala nola elikagaientzat, produktu freskoentzat, haragientzat, gozogintzarentzat, farmazia-produktuentzat eta kontsumo-ondasunentzat; ontziratze-lerro eraginkor, fidagarri eta moldagarriak eskatzen dituzten produktuak dira guztiak eta horixe eskaini nahi zaie Ulma Packaginen filialarekin, kooperatibatik adierazi dutenez. Tokiko fabrikatzaileekin estuago lan egin ahal izango da, automatizazio eta modernizazio proiektuetan lagunduz.

  Indiar filialaren irekiera Ulma Packagingen estrategia zabalagoaren parte da, bezeroekin eta interesatuekin epe luzerako aliantzak egiteko. Eredu honek arrakasta izan du Asiako beste merkatu batzuetan eta Indian beeste horrenbeste garatzea du helburu Oñatiko kooperatibak. Izan ere, tokiko ikuspegi horrek aukera ematen dio Ulma Packagingi erantzun-denborak murrizteko, bere presentzia teknikoa eta komertziala indartzeko eta ontziratze-soluzioak herrialde bakoitzaren arau eta merkatu-eskakizun espezifikoetara egokitzeko.

  Ulma Packagingek Oñatin egoitza nagusiaz gain berezko filialak ditu kontinente guztietan, Asian, esaterako, Thailandian zuen. eta, aurrerantzean, Indian ere izango du. 2024an, esportazioak negozio-zifraren % 80 baino gehiago izan ziren, hau da, 324,7 milioi euro.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!