Ugarkaldetik Olabarrietara, errepide ertzean bidegorria eraikitzeko lizitazioari hasiera ematea proposatu da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2015/04/01
Card image cap
Bihar jai izaki, udal taldearen asteroko bilera gaur arratsaldean egin da

  29 gai zerrendatu dira gaurko batzarrerako eta Udalak egin asmo dituen hainbat lanen inguruko erabakiak ez ezik, herriko taldeei zuzendutako diru laguntzak ere eztabaidatzekoak ziren, besteak beste.

  Ugarkaldetik Olabarrieta auzoaren sarreraraino, GI-2630 errepidearen ertzean bizikleta eta oinezkoen bidea eraikitzeko proiektuaren lizitazioa abian jartzeko baldintzen zerrenda aurkeztekoa zen gaurko bileran. Abenduko Osoko Bilkuran onartu zen proiektuaren arabera, 800bat metroko luzera izango du Ugarkalde eta Olabarrieta arteko bidegorri zatiak. Bidegorriak 3 metroko zabalera izango du eta errepidetik babesteko hesiak jarriko dira. Argiteria ere egokituko da. Lanek,ia 623 mila euroko aurrekontua dute. Baina lanak egiteko enpresen kategoria edota epeak zehazten dituen baldintza plegoa gaurko bileran erabakitzekoa zen.

  Neguko euriek Errekaldeko eskola txikian eragindako kalteak konpontzeko lanak  abian jartzea ere aztertzekoa zen. Eraikinaren teilatuan zegoen txintxinak Ganbara Kantu Eskolak erabiltzen duen lokalaren sabai zati bat jaustea eragin zuen. Zorionez ez zuen inor harrapatu baina teilatua konpondu beharra dago eta gai hori ere gaurko bileran aztertu du udal gobernu taldeak.

  Kultura batzordearen eskutik, sormen lanetarako diru laguntzen gaia aurkeztu da. Hartarako deialdia eginda, jaso diren egitasmoak aztertu dira eta diru laguntzak nola banatu proposatzekoa zen batzarrean.

  Gazte elkarte eta sormenerako Gazteria sailaren diru laguntzetarako deialdia zabaltzea ere proposatzekoa zen. Gazteria batzordearen eskutik baita ere, Gaztelekuko informatika gela zabaldu dadin edo Gaztelekua bera astelehenetan zabaldu dadin jaso diren eskaerak jorratu dira.

  Uda kirol kanpainari aurre egin ahal izateko, monitoreak kontratatzeko oinarriak ere aztertu dira arratsaldeko bileran.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!