Argazkilaritza tailerra eta lehiaketa antolatu ditu Natur Eskolak
Mugikor edota kamera automatikoak erabiliz ateratako argazkietan kolorea, argia, konposizioa egokia izan dadin argazkilaritza tailerra antolatu du Natur Eskolak. Ez da aparteko ezagutza edo esperientziarik eskatzen eta edozein herritarrek parte hartu ahal izango du. Aurrez izena eman behar da eta dagoeneko zazpi lagunek eman dutenez, ikastaroak aurrera egingo duela adierazi dute Natur Eskolatik, gutxieneko partaide kopurua bete baita. Goitik ez da mugarik jarri eta interesa duenak whatsapp mezua bidalita eman dezake izena (633 509 781). Izena emateko azken eguna etzi, osteguna izango da. Argazkigintza tailerrak hiru orduko iraupena izango du, 10:00etatik 13:00etara, larunbatean. Argazkigintzan eta ikastaroak ematen eskarmentu handia duen Itziar Bastarrikak gidatuko du. Hauteskundeak tarteko lekua aldatu behar izan dute antolatzaileek eta Kultur Etxean izango dela jakinarazi dute.
Tailer horrekin batera argazki lehiaketa ere martxan du Natur Eskolak. Oñati, garbia? Galdera eta gaiari erantzuten dioten irudiak jaso nahi dira. Oñatin ateratako argazkiak aurkeztu behar dira eta, posible bada, ateratako data eta kokalekua adieraztea eskatzen da. Lehiaketa martxan da jada eta lanak aurkezteko azken eguna abenduaren 4a izango da. Lanak honako helbide honetara bidali behar dira: natureskola@yahoo.es.
Argazki lehiaketak helburu bikoitza dauka, gure artista sena sustatzea eta ingurura begiratu eta herriaren eta landa guneen itxura eta egoeraz hausnartu dezagula. Oñati, garbia? lehiaketak 3 sari banatuko ditu: 100, 60 eta 40 euro, hurrenez huren. Jasotako lanak plazako arkupetan ikusgai jartzeko asmoa dago, abenduan zehar.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!