Oñatiko udala

Gabonetako balkoi lehiaketa antolatu du TXANDA dendarien elkarteak

2026/11/24
Card image cap
Kaleak girotzeko ahaleginean herritarren parte hartzea sustatu nahi da

  Lehiaketa berri honetarako deia modu bateratuan egin zuten atzo Txanda elkarteko kideek kartela sare sozialen bitartez zabalduz, nahiz eta lehen iragarkia Kontzejupetik aldizkarian argitaratu zen. Kaleetan Gabonetako giroa sustatu nahi da, dendak ez ezik etxeak ere apainduz, eta helburua betetzeko herritarren parte hartzea ezinbestekoa da. Hala, lehiaketa jarri da amu gisa eta Gabonetan balkoiak apaintzeko gonbidapena zabaldu dute Txandako dendariek. Hiru sari banatuko dira balkoi politenak, originalenak, sarituz.

  Herritar goiztiarrenak hasi dira beraien balkoiak argiz eta Gabon-panpinez apaintzen eta lehiaketan parte hartzeko lehen izenak ere jaso dituztela esan digute Txandako kideek, justu gaur, Gabon egunerako hilabete falta denean. Baina etxeak eta balkoiak girotzeko lana hemendik aurrera egingo dute gehienek. Guzti horiek Gabonetako balkoi lehiaketan parte hartzera gonbidatzen ditu Txanda elkarteak.

  Parte hartzeko bidea erraza da, balkoia apaindu eta izena, helbidea eta harremanetarako telefono zenbakia eman behar da Mizke, Kuttun edo Sillero dendan, abenduaren 15a bitartean. Elkarteak izendatutako epaimahaia partaideen balkoiak ikusi eta baloratzera pasako da eta sari banaketa ekitaldia urte amaiera baino lehen egingo da. Hiru sari emango dira: 500, 300 eta 200 euroko erosketa txartela, lehenengo, bigarren eta hirugarren sailkatzen direnentzat, hurrenez hurren.

  Lehen aldia da Txanda dendarien elkarteak halako lehiaketa antolatzen duela eta helburua, herritarren konplizitatea lortzea da, esan bezala, Gabonetan balkoiak apainduz kalean girotzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!