Oñatiko udala

2027ko larreratze kanpaina abiatu du Udalak

2026/11/24
Card image cap
Larreratuko diren animalien identifikazio, osasun neurri eta tasak zehaztuz gutuna bidaliko zaie ganaduzaleei, gaur-bihar bitarte

  Udaberrian gauzatuko den larreratze kanpaina berriari begira Udalak osatu duen oharrak hainbat gai argitzen ditu: eskaerak egiteko epe eta moduak, bete beharrak, baimentzeko prozedura, auzolana, ganaduaren osasun baldintzak, ingurumen laguntzak, tasak eta Herri Onurako Mendietako ustiategi kodeak. Gutuna 104 ganaduzaleei bidaliko zaie gaur-bihar bitarte. Larreratze kanpainaren oharra Aloña, Artia, Txirikilaleku eta Aizgain inguruetara ganadua eraman asmo dutenei zuzenduta dago. Eskaera inprimakiak beteta abenduaren 29a baino lehen aurkeztu behar dira, aurrez aurre udaletxeko HAZ bulegoan edo elektronikoki B@kQ sinadura erabiliz Udaleko edo Foru Aldundiko egoitza elektronikoetan.

  Artalde eta zezenen osasunarekin erlazionatuta ez da larreratze baimenik emango baldin eta albaitarien ziurtagiririk aurkezten ez bada; artaldeari hazteria edo sarnaren kontrako tratamendua egin zaionaren egiaztagiria presentatu beharko da, albaitari batek sinatuta, eta artaldea mendira bota baino aurreko hilabeteko epean egindakoa izan beharko da. Antzinatasun handiagoko ziurtagiririk ez da onartuko. Zezenen kasuan tricomonas bovina gaitzetik libre daudela adierazten duen agiria aurkeztu beharko da larreratu aurretik.

  Nekazaritza ingurumenaren dirulaguntzekiko azaldutako kexen haritik, baimendutako ganadua mendian dela ziurtatzeko ikuskaritzak egon eta iruzurrak zigortu daitezkeela ohartarazten da ganadu jabeentzat prestatu den idatzian. Era berean, larreak egoera onean mantentzeko deitzen diren auzolanean parte hartzen dutenei larreratze tasaren hobaria aplikatuko zaie, 150 euroko mugarekin. Baimenduek Aloabel elkarteko kide izan beharko dutela eta honek antolatutako ekintza eta egitasmoetan modu aktiboan parte hartu beharko dutela ere zehazten da idatzian.

  Epeei dagokienean, ganaduaren igoera 2027ko maiatzaren 1etik aurrera egingo dela eta 2028ko otsailaren 28ra arte mendian ibili ahalko direla zehaztu du Udalak. Irizpide orokor gisa, ganadua gutxienez 4 hilabete egon beharko da mendian, justifikatutako kasuetan izan ezik. Ahariak ezingo dira ekainaren 10a baino lehen mendian libre utzi eta horiek baimentzeko, kudeaketa plan bat onartu beharko da.

  Udalak jasotzen dituen eskaerak Foru Aldundira bidaliko ditu, eta honek onartutakoen behin behineko zerrenda helaraziko dio. Eskatzaileak udal tasak ordaindu eta osasun baldintzak betetzen direla egiaztatutakoan jasoko du larreratzeko behin betiko baimena. Baina horretarako lehen urratsa baimena eskatzea da eta dagoeneko egin liteke, abenduaren 29a bitartean. Epez kanpoko eskaerak ez dira tramitatuko, ondorioz, ez dute larreratze baimenik eskuratuko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!