Ugarkalde eta Olabarrieta arteko bidegorri zatia egiteko lizitaziora aurkeztu diren enpresen eskaintza ekonomikoen plikak 13.00tan ireki dira

2015/06/01
Card image cap
B kartazalen balorazioa argitaratu da

  11 enpresa aurkeztu dira Ugarkalde eta Olabarrieta elkar lotuko dituen bidegorri zatia egiteko lizitazio prozesura. Orain bi aste, egikaritza epea eta bestelako hobekuntza proposamenen kartazalak ireki ziren eta horiek baloratuta, eskaintza ekonomikoen plikak, 13.00tan ireki dira.

  Enpresek egindako proposamen ekonomikoak erabakigarriak izango dira, hori baita esleipen irizpide nagusia. Gehienez lortu daitezkeen 95 puntuetatik 80, proposatutako aurrekontuaren arabera banatuko dira. Udalak finkatu zuen aurrekontua, ia 515 mila euro gehi BEZa zen. Eta enpresek kopuru hori merkatzea espero da. Foru Aldundiak bestalde, lanetarako diru laguntza agindu du.

  Gaurko plika irekieraren ondotik, eskaintza ekonomikoen balorazioa egingo da eta okerrik ezean, astean bertan, dagokion puntuazioa ezagutzera emango da. Lanak, esleitu eta ekaina amaiera-uztailerako hastea espero da.  Berez lanak egiteko bost hilabeteko epea zehaztu bazen ere, Foru Aldundiaren diru laguntza jaso ahal izateko, urriaren 15erako amaituta egon beharko baitira.

  Maiatzaren 19an ireki ziren B kartazaletan, egikaritze epeari eta lanari buruzko hobekuntza proposamenak aurkeztu zituzten enpresek. Balorazioa eginda, 0 eta 8 puntu artean lortu dituzte. Puntuazioa, udaletxeko iragarki taulan edo web atarian ikusgai dago. Baina lanak esleitzerakoan, irizpide nagusia, eguerdian ezagutu diren eskaintza ekonomikoak izango dira.

  Ugarkalde eta Olabarrieta auzoaren sarreraraino egingo den bizikleta eta oinezkoentzako bide zatiak 800bat metroko luzera izango du eta 3 metroko zabalera. Errepide nagusiaren ertzean eraikiko da eta errepidetik babesteko hesiak jarriko dira. Argiteria ere egokituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!