UEMAren "Esnatu" dinamikarekin bat egitea ahobatez erabaki zen azken Osoko Bilkuran
Inork ez du ukatzen egun arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantzia. Baina kezkatzekoak dira, ordea, euskara indartsuen dagoen lurgunean antzematen diren joerak; adierazle nagusietan atzera egiteaz gain, gune horietako hiztunen tipologia askatu aldatu da. Siadekok iaz egindako proiekzio demografikoak argi erakutsi du euskararen alde orain arte egiten aritu garenean jarraituz gero, euskarak bizi duen geldialdia galera fasean sartuko dela. Ondorioz, egoera iraultzeko estrategiak behar dira. Horretan jarri zen UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, eta Esnatu dinamika abiatu zuen, apirilean.
Politikatik egin beharrezkoaz gain, gizartea bera aktibatu nahi du dinamikak, euskararen biziberritzea indarraldian jartzeko. Udalerriz udalerri herri eragileak dinamika horretara gehitzen ari dira eta Oñatiko Udalak ere hala egitea erabaki zen ahobatez, azken Osoko Bilkuran. Udalak duen arduratik eta dituen eskumenetatik sei konpromiso konkretu bere egin zituen: erabilera planean onartutako hizkuntza irizpideak betetzea; kontratazio publiko guztietan hizkuntza baldintzak txertatu eta horien jarraipena egitea; doako euskalduntzea bermatzea; haur eta gaztetxoen aisialdia euskara hutsean programatzea; udalen eskumenekoak diren esparruetan euskararen normalizazioan urrats sendoak ematea eta etorri berria euskara gertatzeko egitasmoetarako bitartekoak areagotzea.
Mozio-idatzi moduan aurkeztu zuen EH Bilduk proposamena eta EAJk bat egin zuen. Baina jeltzaleek aurrera atera ez zen bigarren mozio bat aurkeztu zuten Arnasguneak zaintzeko eta indartzeko izenburupean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!