Herribus zerbitzuaren kontratua urtebetez luzatzea erabaki du Udalak
Zortzi urte bete dira jada herri barruko autobus zerbitzu publikoa martxan jarri zenetik. Orduko hartan Leintz Garraioak enpresarekin izenpetu zuen Herribusaren kontratua Udalak, gerora Avanzak bere egin zuen konpainiarekin, alegia. Titulartasun aldaketa horrek, ordea, ez zion Udalarekiko konpromisoari eragin eta 2018ko irailaren 17an sinatu zen 8 urtetarako kontratuak indarrean jarraitu du. Bitartean, Herribusaren A eta B ibilbide zirkularrak C ibilbidearekin osatu ziren eta herri barruko autobus zerbitzua MUGI sisteman integratu zen, Gipuzkoa osoan erabilgarri den txartelaz ordaindu eta honek eskaintzen duen tarifa progresiboen onuraz baliatzeko aukera barneratuz.
2018an sinatu zen zerbitzu kontratu hark beste bi urtez luzatzeko aukera jaso zuen eta horixe da Udalak berriki erabaki duena, urtebeterako lehenengo luzapena baliatzea. Hala jakinarazi zitzaion Avanza konpainiari eta honek onartu zuen. Hala, Herribus zerbitzua ematen jarraituko du Avanzak, 2027ko irailaren 16ra arte. Aldi berean, herri barruko autobus zerbitzu publiko honen prezioak berrikustea eskatu zuen konpainiak eta hala egitea onartu zen azken Osoko Bilkuran.
Herribus zerbitzua emateko jatorrizko kontratuak beste urtebeteko bigarren luzapen bat gauzatzeko aukera eskaintzen du. Horrek, hurrengo kontratazioa lantzen joateko lasaitasuna ematen du baina horretan jarri beharko dute udal ordezkariek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!