Oñatiko udala

Lorke Systems enpresak hornitu eta instalatuko du Kalegoienako komun publiko autogarbigarria

2026/11/13
Card image cap
Kontratua datozen egunotan sinatuko da

  Onartu da Kontratazio Mahaiak egindako proposamena eta prozesuan bigarren puntuazio handiena lortu duen Lorke Systems enpresari eslaitu zaio Kalegoienan berez garbitzen den komun publikoa instalatzea. Lau izan ziren esleipen prozesura aurkeztu ziren enpresak eta puntuazio handiena eskaintza merkeena egin zuenak jaso bazuen ere, gerora ikusi zen proposatutako komunak ez zituela udalak jarritako baldintza teknikoak betetzen, bereziki neurrietan, udalak ezarritako gehienezko mugak gainditzen baitzituen. Ondorioz, eskaintza hori baztertu eta hurrengoari esleitu zaizkio lanak, Lorke Systemsi, esan bezala. Aipagarria da gainera, berme epea urtebetez luzatzea proposatu duen eskaintza bakarra izan dela. Prezioari dagokionean berriz, udalak zehaztutako gehienezko prezioa 6.000 eurotan merkatu du eta lanak 53.000 eurotan egingo ditu.

  Berez garbitzen den komun berria erabilera anitzekoa eta desgaitasun funtzionala duten pertsonek erabiltzeko modukoa izango da. Kabinaren funtzionamendua guztiz automatikoa izango du eta euste-barra finkoak, eraisgarriak eta altzairu herdoilgaitzezkoak izango ditu, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokiak. Espazioak, funtzionatzeko eta erabiltzeko elementu guztiak eremu bakar batean izango ditu eta bereizitako gela tekniko bat ere bai, baimendutako langileek bakarrik erabiltzeko. Sarrerako ateak elektroimana izango du, ordutegi-programazio sistemarekin eta kanpo-seinaleztapenak komuna libre, okupatuta edo zerbitzuz kanpo dagoen argi adieraziko du. Kanpoaldean hiru plazako pixalekua ere instalatuko da, altzairu herdoilgatzez egina eta pribatutasuna bermatzeko pantailarekin. Elementu hori komun-moduluaren egitura nagusian integratuta egongo da, multzo osoak unitate funtzional bakarra osatuz.

  Komun publiko autogarbigarria Kalegoienako lurrazpiko aparkalekuaren oinezkoen sarrera aldamenean kokatuko da. Lanen esleipena eginda 10 asteko epea izango da komuna instalatzeko.

  Kalegoienakoa herrigunean kokatzen den bosgarren komun publikoa izango da, postetxe eta San Lorentzoko autobus geltokietakoak, plaza ondokoa eta ur txorroten parkekoa osatuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!