Oñatiko udala

Kale Zaharreko irisgarritasun lanen proiektua aurkeztu die Udalak bizilagunei

2026/11/12
Card image cap
2027ko lehen seihilekoan hasi asmo dira eta Lizaur kalea eta Otadui zuhaiztia arteko tartean egingo dira lanok

  Kale Zaharrean egingo diren lanen lehen fasean, Otadui Zuhaiztia eta Lizaur arteko bide zatiak dituen irisgarritasun arazoak konpontzea da helburu nagusia; espaloiak zabalduko dira, zebra-bide gehiago jarriko dira, espaloien koskak kenduko dira eta garajeetako sarrerak hobetuko dira, besteak beste. Hala azaldu zieten udal ordezkariek kale Zaharra eta Kanpantxoko bizilagunei, astelehen arratsaldean egin zuten informazio bileran.

  Kale Zaharreko behealdeko zatia oinezkoentzako bide segurua izatea lortu nahi da eta espaloiak zabaldu eta aparkalekuak mantentzearen ondorioz errepidea estutuko da eta norabide bakarrekoa bihurtuko da, Otadui Zuhaiztitik Lizaurrerako norantzan. Bizikletan doazenek, joan-etorriko aukera izan dezaten, berriz, bidegorria egokituko da erreka ertzeko pasabidean, Lizaur kaletik Otadui zuhaiztirako bidea bertatik egiteko.

  Otadui Zuhaiztia eta Lizaur kalearen arteko inguru horrek ezaugarri bereziak ditu: etxebizitza berriak egiten ari dira eta, aldi berean, hurbileko industria gunerako pasabidea da. Horrek kalearen erabilera ezberdinak biltzen ditu. Irisgarritasuna hobetzeko aurreikusitako lanek ohitura aldaketa ekarriko dutela jakinekoa da baina egungo espazio muga gainditu eta oinezkoen, bizilagunen eta egunero lantegira bueltaka dabiltzan herritarren segurtasuna nabarmen hobetuko dela azaldu dute udal ordezkariek. Proiektua inguruko bizilagunei aurkeztu eta hauen ekarpenak jasota, esleipen prozesuari ekingo dio Udalak, lanak, 2027ko lehen seihilekoan hasi ahal izateko.

  Kale Zaharreko azken tarterako aurreikusi den proiektua bat dator bide seguruak eta irisgarriak eraikitzeko Udalak hartua duen ibilbidearekin. Horren adibide dira azken urteotan San Lorentzon, Olakuan, Errekalden eta Mendiko kalen egin diren irisgarritasun lanak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!