Udanako errepidea urgentziaz konponduko du Diputazioak
Azaro-abenduko euriteek Udanan eragindako kalteak premiaz konpontzea onartu zuen Diputatuen Kontseiluak abenduaren 20an egindako bileran. Horrek ohiko lizitazio tramitazio luzea bete gabe konponketa lanak zuzenean esleitzea ekarriko du, eta lehenbailehen hastea, urtarrilean bertan, foru aldunditik udal arduradunei jakinarazi dietenez.
Euriak eraginda errepide azpiko lurra mugitu eta zoruan zartadura edo pitzadura luze bat ireki zen Udanarako bidean, miradoretik gora 100 bat metrora edo. Ondorioz, errepidea itxita dago abenduaren 12tik. Errepideari eusten dion horma berriro finkatu beharko da; 15 metroko luzera hartuko duen mikropilote pantaila berria egitea aurreikusten da.
Lanak egiteko hiru hilabete eta erdiko epea eta 315.000 euroko aurrekontua zehaztu du Aldundiak. Aurreikusi bezala urtarrilean hasten badira, apirilerako amaitzea espero da. Baina bitartean, Udanarako errepideak itxita jarraituko du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!