Oñatiko udala

Udaltzaingoa eta Bake Epaitegiko berokuntza sistema aldatu egingo da

2015/10/27
Card image cap
Pellet bidezko ur bero eta berokuntza instalazio berria jarriko da

  Bidebarrieta kaleko 1 zenbakidun eraikinean zerbitzu ezberdinak eskaintzen dira: Udaltzaingoaren bulegoak daude baina baita bake epaitegia eta musika bandaren entsegu lokala ere. Bakoitzak bere berokuntza sistema izan du orain arte; Udaltzaingoaren eraikinak gasoliozko galdara dauka eta Bake epaitegiak eta musika bandaren lokalak berriz, gas galdara bana.

  Eraikina bere osotasunean hartuta, berokuntza sistema aldatzea erabaki du Udalak. Biomasa erretzeko sistema automatizatu bat instalatzea erabaki da, horrela, behar termikoa bete ez ezik, erregai fosiletatik ateratzen diren beste energia mota batzuk saihesten dira eta ekonomikoki nahiz ingurumenarekiko kalteei dagokionean emaitza hobea eskaintzen duen sistemen alde egiten da. Gasolioak eta biomasak ematen duen energia kopurua konparatu da eta jarriko den berokuntza instalazio berriaren eraginkortasun energetikoa hobea dela ondorioztatu da, sistemaren errendimendua handitu eta energia aurrezten dela ondorioztatu da.

  Merkatuan dauden aukerak ikusita, automatikoki piztu eta itzaltzen den errendimendu handiko galdara bat hautatu da. Ur-beroa sortzeko pelletezko galdara eta inertzia-depositu berria jarriko da, oraingo tximiniaren barrutik tximinia-hodi berria sartuko da eta ur beroa banatzen duen hoditeria egokituko da. Egungo galdara-gela berriztatuko da eta indarrean dagoen araudia betez, proba teknikoak egin eta ziurtagiria eskuratuko da. Proposamen ezberdinak eskatu ziren eta Iñurritegi iturgintza enpresak aurkeztutakoa onartu da. Lanek, 26.000 € pasatxoko aurrekontua dute. Negura badatorrela eta, lanak, datozen asteetan egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!