Udalerritik ezin da irten, ezta sartu ere, lanerako, ikasteko, mediku zerbitzuetara joateko edota pertsonak zaintzeko ez bada

2020/10/27
Card image cap
Kutsatze arriskuari aurre egiteko neurri berriak gauerdian sartu dira indarrean

  Eta osasun neurri hauek Eusko Jaurlaritzak ostiralean agindu zituenak ordezkatzen dituzte. Aldaketa nagusia da herritarren mugimenduak eta harreman taldeak mugatzen dituztela. Hala, gauerditik, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldea mugatuta dago eta ezin da sartu edo atera baldin eta arrazoi sozio-ekonomiko jakin batzuk ematen ez badira. Era berean ezin da erroldatutako udalerritik ere irten, arrazoi justifikatu bat ez badago, hau da, lanerako, ikasteko, mediku zerbitzuetara joateko edota haurrak, adinekoak edo menpekotasunen bat duten pertsonak zaintzeko ez bada.

  Ostalaritza eta zerbitzu lokalen ordutegia gaueko 23:00ak arte luzatu da; taberna eta jatetxeak 23:00tatik 6:00tara itxi behar dira. Ordu tarte horretan ezingo da kalean ibili, etxeratze agindua indarrean izango baita. Gehienez seiko taldetan elkartzeko hasieran eman zen gomendioa agindu bihurtu da bestalde, gauerdiaz geroztik. Espazio publiko zein pribatuetan taldeak gehienez sei lagunekoak izan daitezke, baldin eta, bizikideak ez badira.

  Taldeak mugatzeak ariketa fisikoa egiteko aukeran zuzenean eragin du. Izan ere, leku itxietan kirola bakarka egin behar bada ere programatutako ikastaroak seiko taldetan egiteko aukera aurreikusten baita agindu berrian, betiere maskara erabilita. Oñatira etorrita, udalak bertan behera utzi zituen kirol zerbitzuek antolatutako ikastaro guztiak eta oraingoz, hala jarraitzen dute, beste erabakirik hartu ezean. Ikastaroak ekonomikoki errentagarri izan daitezen, edo behintzat, zulo handia eragin ez dezaten, seiko taldetan antolatzea zaila ikusten da, eta hala egitea erabakiko balitz, izen-emate berri bat ireki beharko litzatekeela adierazi digute Zubikoa kiroldegian, orain arte martxan ziren taldeak handiagoak baitira. Eskola kirolarekin beste horrenbeste gertatzen da eta gaur bertan, Aldundiko ordezkariekin bilera egitekoak direla adierazi digute udaleko kirol arduradunek. Federatu mailako taldeek berriz, kirol entrenamenduak egin-egin ditzakete baina seiko taldetara mugatuta hauek ere. Eta aire librean, kontaktu fisikorik ez dagoen bitartean, kirola taldeka egin liteke, sei laguneko muga gordeta.

  Kirol nahiz kultur ekitaldietarako aretoen aforoak erdira mugatuta jarraitzen dute, eta gauza bera gertatzen da kultu lekuekin. Baina bertaratutakoek maskara jarrita izan beharko dute aldi oro. Eta elkarte gastronomiko eta txokoek itxita jarraitu beharko dute.

  Gauerdian argitaratu diren neurri hauek 15 eguneko indarraldia izango dutela dio dekretuak berak, nahiz eta egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzeko luzatu, aldatu edo bertan behera utzi daitezkeela zehazten den.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!