Udalerri euskaldunetan osasun zerbitzua euskaraz bermatzeko eskatu du UEMAk.

2013/07/12
Oñatin, hizkuntza eskakizuna egiaztatuta daukan pediatrarik ez dagoela salatu du.

  Hori ez da ordea, Oñatiren kasua soilik. Euskal autonomia erkidegoko UEMAko kide diren 57 udalerrietatik 8tan ez baitago euskarari dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatua duen pediatra bakar bat ere. Oñatin hori gertatzen da baina baita Azpeitia, Aduna, Deba, Lekeitio, Oiartzun, Usurbil eta Aramaion ere. Arazoa zabalagoa da oinarrizko osasun zerbitzua orokorrean hartzen badugu, kasu honetan aipatu 57 udalerrietatik familia medikuen hirutik batek ez baitu egiaztatu dagokion hizkuntza eskakizuna eta pediatren hirutik bik ere ez.

  Osakidetzako 2005-2011 euskara plana amaituta, plan horren ebaluazioa egin berri dute. Planean aurreikusita zeuden aurrerapausoen %30 inguru ez dira bete eta Osakidetzako langileen artean lautik hiruk ez dauka eskatutako euskara mailarik egiaztatuta.

  Osakidetzako euskara plan berria diseinatzeko unea iritsi den honetan, udalerri euskaldunek osatzen duten lurgunea oso kontutan izan behar dela aldarrikatu du UEMAk. Udalerri euskaldunek euskararen arnasgunerik zabalena osatzeaz gain, paper garrantzitsua jokatzen dute hizkuntzaren geroan. Beraz, udalerriotan eragin soziolinguistikoa daukan erakunde orok kontutan hartu beharko luke hori. Edozein zerbitzu euskaraz emango dela ez bermatzea berez larria bada, are larriagoa da udalerri euskaldunetan eskubide hori urratzea UEMAren ustez. Osasun zerbitzuei lotuta, hainbat herritar euskaldunek gazteleraz komunikatzeko duten zailtasunarekin topo egiten dela azpimarratu dute. Medikuarekin komunikatzeko behar horretan, bitartekari egingo duen beste laguntzaile batengana jo beharrak intimitate eskubidea ere nolabait urratzen dela gaineratuz.

  UEMAk, mankomunitatean biltzen diren udalerrietako oinarrizko osasun zerbitzuetako hizkuntza errealitatea aztertu du. Oinarrizko zerbitzuetan familia mediku eta pediatren euskara ezagutza begiratu da soilik, beste espezialista edo osasun zerbitzu espezifikoetan sartu gabe. Egoera oso kezkagarria da Nafarroan eta euskal autonomia erkidegoan hobea bada ere, hemen ere arazoak daudela agerian geratu dira.

  Oñati, Udalerri euskaldunen mankomunitateko kide da iaztik eta ikerketa honetan, gure herriko egoera aztertu eta salatu da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!