2026ko zerga ordenantzak eztabaidagai izango dira gaurko Osoko Bilkuran
Iazko irailetik aurtengora KPIak Gipuzkoan izan duen igoera da %3,3 eta udal zerga eta tasak maila berean jasotzea proposatuko du udal gobernu taldeak, azken urteetako joera jarraituz. Irizpide orokor horrekiko aldaketa puntual batzuk egon litezke baina udalbatza osatzen duten bi taldeen proposamen konkretuak arratsaldeko Osoko Bilkuran azalduko dira. EAJk jakinarazi ditu jada bere proposamenak eta etxebizitzen alokairua sustatu, eraginkortasun energetikoan aurrera egin eta udal tasak herriko errealitate sozialera egokitzeko neurri konkretuak azaldu dituela. Etxebizitza hutsen errekargua kendu eta alokatutako etxebizitzei %50eko hobaria aplikatzea, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak dituzten aparkalekuei ere %50eko hobaria aplikatzea eta kiroldegiko eta ikastaroetako gazteen tasa 25 urtera arte luzatzea proposatzen dute jeltzaleek, besteak beste. Datorren urteko zerga ordenantzan, adostasunik dagoen ala ez, eztabaidaren ondorengo bozketan ikusiko da.
Baina hori ez da arratsaldeko Osoko Bilkurarako aurkeztuko den gai bakarra, lan zerrendan 22 puntu jaso baitira. Euskalgintzako ekimen ezberdinetarako dirulaguntzak proposatuko dira, izan Korrika, Behatokia, Kontseilua, Laneki eta Badihardugu elkarteak, Kilometroak, Ibilaldia edota Nafarroa Oinez fundazioak helarazitako eskaerak. Urriaren 18a trans pertsonen despatologizazioaren aldeko nazioarteko eguna izan zela gogoan, udaleko Berdintasuna batzordetik proposatutako testua azalduko da eta bi mozio ere eztabaidatuko dira, udalbatza osatzen duen talde bakoitzeko bana. Elkarbizitzaren alde, eta ertzaintzaren eta udaltzaingoen defentsan izeneko mozioa aurkeztuko du EAJk eta Demokraziaren alde eta polizia- eredua berrikustearen aldekoa EH Bilduk.
Osoko Bilkura 18:30etan hasiko da eta gogoratu batzar irekia dela interesa duen edozein herritarrentzat.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!