Oñatiko udala

Udaleku irekietarako begirale gaien merituen behin behineko puntuazioa argitaratu da

2022/05/17
Card image cap
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak ere kaleratu dira

  Udaleku irekietan begirale izateko eskaera egin zutenekin erlazionatutako bi zerrenda argitaratu dira azken egunotan: hautaketa prozesura onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda eta onartu diren horiek agiri bidez egiaztatu zituzten merituen behin behineko puntuazioa.

  Udaleku irekietan begirale izateko izena eman zutenetatik 4 baztertu egin dira eta beste 9 prozesutik kanpo utzi dute euren burua, euskarazko azterketara ez aurkezteagatik. 6 berriz, ahozko froga egiteko daukate oraindik, pasa den ostiralean joateko ezintasuna justifikatu ondoren. Euskarazko ahozko froga bihar izango dute, Gaztelekuan, 12:00tan.

  Ahozko froga hori egiteko daukaten sei hautagaien eta onartuak izan diren beste 135 begirale gaien merituak baloratu dira eta behin behineko emaitzak udal web atarian eta udaletxeko iragarki taulan argitaratu dira. Baloratzen diren merituak berrikusi egin dira eta formazio akademikoa, osagarria eta begirale gisa pilatutako eskarmentua soilik baloratu dira aurten. Ondorioz, hautagai asko 0 punturekin agertzen dira behin behineko zerrendan, ez baita oñatiarra izateagatik aparteko punturik eman, lehenengoko aldiz. Merituen balorazioarekiko erreklamazioak egiteko epea bihar, maiatzaren 18an amaituko da.

  Jasotzen diren erreklamazioak ahalik eta azkarren aztertu eta ebatziko dira, merituen behin betiko zerrenda laster kaleratzeko, begiraleek bete beharko dituzten formakuntza saioak ekainaren 4 eta 11n egingo baitira.

  570en bat haurrek eman zuten izena aurtengo udaleku irekietan parte hartzeko. Ondorioz, 75en bat begirale kontratatzea aurreikusten dute udal arduradunek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!