Lankidetza hitzarmena sinatu dute Udalak eta Bizipoza elkarteak
Inklusioa edo izaera sozio-kulturaleko bestelako gaiak eta hauei loturiko balioak herriko ikastetxeekin zein hezkuntza ez arautuko eragileekin landu ditzan Bizipoza elkarteak hitzarmena sinatu du Udalarekin. Herriko hezkuntza zentro guztietan eskaini diren hitzaldiei esker, minbizia, Mendebaldeko Sahara, boluntariotza, errefuxiatuak, migrazioa, dolua, kulturaniztasuna edota elbarrituen mugikortasun eta irisgarritasuna moduko gaiak landu dira, herriko sei eragile eta bi norbanako hizlari izan direlarik. Saioetan jasotako hausnarketa eta ekarpenak Eltzian margotuko den mural batean islatuko dira. Murala apirilean zehar egingo da eta maiatzaren 6an aurkeztuko zaie ikasleei zein, hitzaldietan parte hartu duten eragileei eta herritarrei. Ikasturtean zehar burutzen ari diren ekintza guzti hauek gauzatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Udalak eta Bizipoza elkarteak eta udalak, 11.800 euroko ekarpena egingo duelarik.
Aniztasun funtzionala, familia aniztasuna, sexu orientazioa, gaixotasunak, heriotza, identitatea, genero rolak zein transexualitatea, kulturaniztasuna eta boluntariotza moduko gaiak lantzen ditu Bizipozak, eta haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza eta materiala eskaintzea du xede. Bizipoza elkarteak Euskal Herri osoko 38 elkarte biltzen ditu une honetan, hala nola, Aspanogi, Beroa, Naizen, Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioa, Hil Argi, Iñurri edota Oporrak bakean. Elkarteetako haur eta familiekin lan egitetik haratago, Bizipoza Eskola webgunea ere sortu da. Gai ugariren inguruko gida didaktikoak eta bestelakoak eskaintzen dira edonork landu ditzan.
Bizipoza Eskolak inklusioa eta ohikoak ez diren izaera bereziko bestelako gaiak lantzeko aukera eskaintzen duela eta inklusioaren alde ari diren herriko eragileak ikusarazi eta ezagutarazten dituela esan du Asier Lauzirika Hezkuntza batzordeburuak Udalak sinatu berri duen hitzarmenaren harira. Izaro Elorza alkateak, berriz, azpimarratu du herri berdinzale batek oinarrian inklusioa eta bidezko ereduak dituela, horiek gabe ez baitago berdintasunik. Jarrera inklusiboa berma dadin bitartekoak eskaini behar direla eta Bizipoza Eskola horretan ari dela gogoratu du.
Otsaileko Osoko Bilkuran ahobatez onartu baina astean sinatu den Udala eta Bizipoza elkartearen arteko lankidetza hitzarmenak 2025-2026 ikasturteak adina iraungo du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!