Udaleku irekietan, arte udalekuetan eta uda kanpainan begirale izateko izen-ematea zabalik dago, martxoaren 29ra arte
Udaleku irekietan begirale aritzeko, 16 urte beteta izan behar dira, eskola-graduatua edo parekoaren jabe izatea eta B2ren pareko euskara maila izatea eskatzen da. Arte udalekuetarako, Arte Ederretako graduaren lehenengo bi ikasturteak gaindituta izatea eta 3. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara ezagutza izatea eskatzen da. Uda kanpainarako, berriz, kirolarekin erlazionatutako formakuntza akademikoa eta B2 euskara maila izan behar da; espezifiko moduan zehaztu diren eskalada eta patinaje ikastaroak emateko, formakuntza espezifikoa edo esperientzia izatea eskatzen da. Kasu guztietan, gainera, sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea eskatzen da. Bete beharreko oinarrizko baldintzez gain, formazio akademiko osagarria, aisialdiko monitore titulazioa, eskatutakoaren gainetik dagoen euskara maila ziurtatzea eta lan esperientzia baloratu egingo dira. Uda kirol kanpainako begirale gaiei, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin lotutako ikastaroak, indarkeriaren prebentzio eta arretarekin lotutakoak egin izana kontutan hartuko zaie eta udaleku irekien kasuan oñatieraren ezagutza funtzionala egiaztatzea meritu moduan baloratu egingo da, lehenengoko aldiz.
Oinarriei buruzko informazioa, udaleko web atarian zintzilikatuta dago eta gaurdanik jada izena eman daiteke, udaleko zerbitzu telematikoaren bidez edo aurrez aurre, HAZ bulegora joanda. Izena emateko azken eguna martxoaren 29a izango da. Eskaera eredua betetzerakoan kontrakorik adierazten ez bada, udalaren esku utziko da sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa egiaztatzea arte udaleku eta udaleku irekietan begirale izan nahi dutenentzat. Kirol begiraleen kasuan, hautagaiak berak aurkeztu beharko du, kanpaina hasi aurreko lehen prestakuntza saioan. Gainontzeko baldintzak eta merituen atalean azaldutakoak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautagai guztiek.
Aisialdi programak hasi aurretik begirale guztiek prestakuntza saio ezberdinak bete beharko dituzte: udaleku irekietakoena ekainaren 20an eta 27an egingo dira, uda kanpainakoena, ekainaren 25 edo 26an egingo dira eta azken balorazioa uztailaren 24an. Prestakuntza saio horien ordaina kontratuan sartuko da. Izan ere, Udalak hilabete inguruko lan kontratua egingo baitie hautatutako begiraleei. Kirol kanpainako monitore bakoitzaren lan jarduna zehazterakoan, txanda bakoitzean gutxienez bi lanordu jarraian betetzeko irizpidea jarraituko du Udalak eta lanorduak modu orekatuan banatuko ditu, monitore guztiek ordu kopuru berdintsua bete dezaten.
Kasu guztietan zorroztu egin da udaleku irekietako hautagaien uko egitea, azken urteetan arazo bihurtu baita da ekintzak hasteko puntuan zenbait begiralegaik uko egiten diotela, horregatik, zigorra jartzeko aukera jaso da deialdian; udalekuak edo uda kanpaina hasi aurreko 15 egunetan uko egiten duten hautagaiei penalizazio bat jarri dakieke hurrengo urteko puntuazioan. Baina xehetasun guztiak, udaleko web atarian zintzilikatuta dauden oinarrietan jaso dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!