Oñatiko udala

Udaleko Kultura departamentuaren 2025eko dirulaguntzak likidatzeko erabakia hartu da

2026/01/07
Card image cap
Udalaren dirulaguntzaz argitaratu dituzten bi liburu ilustratu, Lukene Igartua eta Izar Mendiola egileen eskutan
Ia 36.000 euro bideratuko dira bigarren zatiaren ordainketara

  2025a amaitu aurretik onartu zen Kultura departamentuak eman ohi dituen bi dirulaguntza lerroen likidazioa egitea. Maiatzean onartu ziren dirulaguntzen bigarren zatia ordaintzeari argi berdea eman zaio, azaroaren 30a bitartean aurkeztutako memoriak aztertu ondoren.

  Kultur talde eta elkarteen urteko programetarako dirulaguntzen atalean, 16 eskaera onartu ziren. Atal honetan laguntza handienak Oñatz dantza taldeak, Ganbara abesbatzak, Ganbara kantu eskolak eta Hots abesbatzak jaso dituzte. Ilunpetan argazkizaleen taldeak, Txinparta bertso eskolak, Lizargarate trikitizale taldeak, Oñatiko margo taldeak, Algaraz ikuskizun elkarteak, Zizelkatzaileen elkarteak, Oñati abesbatzak, Aequus Ensemblek, Laburmetraien rallyak, Nabarralde elkarteak, Zubillagako Ereitten auzo-elkarteak eta Arantzazuko Adiskideak ere udalaren babes ekonomikoa jaso dute. Dirulaguntzaren lehen zatia, % 60a udaberrian ordaindu zen eta bigarrena orain bideratuko da, bi kasutan izan ezik, Ilunpetan Argazki taldea eta Nabarralde Elkartea; lehenak ez du bigarren ordainketarik jasoko ez duelako urte hasieran aurkeztutako egitasmoaren zati bat gauzatu eta bigarrenari onartutako dirulaguntza murriztu egin da gainfinantziazioa ekiditeko.

  Sormen lanetarako dirulaguntzen atalean 18 eskaera jaso eta onartu ziren, baina bati ez zaio bigarren ordainketa egingo, egitasmoa ez duelako bere osotasunean gauzatu. Burrunda Faktoriaren kasua da, ez baitu udazken-neguko magazina argitaratu. Ramada Inn, Mila Modu eta Txuletons taldeek abesti, disko edo bideoklipak grabatu dituzte; Hots abesbatzak, Ganbara abesbatzak eta Ganbara Kantu Eskolak ere, musika propio sortu edo musikarekin zer-ikusia duten proiektuak gauzatu dituzte. Eta Artixa kultur elkarteak, Lukene Igartuak, Arantzazu Egañak, Ander Lizarraldek eta Ernesto Unzurrunzagak hainbat liburu eta argitalpen egin dituzte. Ilatargi astronomi elkarteak argazki erakusketa egin zuen, Algaraz ikuskizun elkarteak ikuskizun berriaren grabazioa eta inauterietan dantzen grabaketa ere egin zen, guztiek kultura departamentuaren dirulaguntza eskuratuz.

  Udaleko Kultura departamenduaren laguntzaren bigarren zatia, %40a datozen egunotan ordainduko da, guztira, 35.976 euro.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!