Udaleko Hezkuntza departamentuak kudeatzen dituen diru laguntzen oinarriak eguneratu dira

2017/03/06
Card image cap
Ikastetxe eta guraso elkarteei bideratutako diru partidak berezitu dira eta laguntzak banatzeko irizpideak errebisatu dira

  Gaur bertan argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Udaleko Hezkuntza departamentuak kudeatzen dituen programen kontura emango diren diru laguntzen iragarkia. Arlo akademikotik kanpo ikastetxeek proiektu hezitzaileak gauzatzeko eta guraso elkarteen jardun hezitzailea sustatzeko diru laguntzak dira. Ikastetxeei zuzenduta 81.000 € gordeko dira aurten eta guraso elkarteentzat 6.000€.

  Otsaileko osoko bilkuran  aho batez onartu ziren herriko ikastetxeei eta bertan diharduten guraso elkarteei ematen zaizkien diru laguntza hauen oinarri arautzaileak. Aurrekoekiko aldaketa pare bat egin da: egungo legedira egokitu eta ikastetxeei zuzendutako diru laguntzak banatzeko irizpideak errebisatu dira. Lau irizpide nagusiren gain egiten zen orain arte ikastetxeei zuzendutako diruaren banaketa: ikasle kopurua, aurkeztutako ekintzen programa, hizkuntza normalizazioa eta eskola kirolean ziharduten begirale/entrenatzaileen euskara ezagutza. Azken irizpide hau baztertu egin da, hasieran zuen helburua dagoeneko bete dela ikusi baita. Hasieran, eskola kirolean ziharduten entrenatzaileak euskaldunak izatea bermatze aldera txertatu zen irizpide hau, egun % 100a euskalduna dela ez ezik, azken urteetan hala gertatzen ari dela ikusi da eta . Gainera, udalak eskuartean duen kirol plangintza orokorrean eskola kirola berraztertzen ari dira eta aurrerantzean, gaia Kirolak Batzordetik zuzentzea da helburua.

  Herriko ikastetxeek eta guraso elkarteek bihartik aurrera eta hilabeteko epean, 2016-2017 ikasturterako dituzten egitasmoen plangintza aurkeztu ditzakete dagokien diru laguntza orria beteta. Apirilaren 7a izango da eskaerak egiteko azken eguna. Ondoren, jasotako proposamenak baloratuta diru laguntzen banaketa erabakiko da eta horren arabera, ikastetxe eta guraso elkarte bakoitzari dagokion laguntzaren %60 ordainduko zaio. Egindako ekintzen memoria eta kontu kitatze dokumentazioa, fakturak eta abar, irailaren 30erako aurkeztu beharko dira. Horren arabera likidatuko da onartutako diru laguntzaren % 40a.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!