Mugikorrerako aplikazioa sortu du Udalak

2021/12/15
Card image cap
Lau atal nagusi ditu: albisteak, agenda, udala eta ezarpenak

  Udala eta herritarren arteko komunikaziorako bitartekoak hobetu eta eraginkorrago bilakatzeko ahaleginean aurrera pauso gisa aurkeztu da telefono mugikorretarako udal aplikazio berria. Google play edo apple storetik jaitsi daiteke aplikazioa, instalatu eta norberak dituen lehentasunen arabera aukeratutako gaien jakinarazpenak jasotzeko aktibatu ere egin liteke.

  Maiatzean aurkeztu zen web orri berrituaren garapenetik sortu den aplikazioa da, mugikorrerako propio egokituta eta web gunean gehien erabiltzen diren atalak barneratuta. Mugikorrerako udal aplikazio berriak lau atal nagusi ditu: Berbian argitaratutako albisteak jasotzen ditu; agenda atalean udalak eta herriko beste eragileek sustatutako hitzorduak agertzen dira eta sarrerak online eskuratzeko aukera ere ematen du; Udala atalak hiru azpiatal ditu eta udal mezuak ez ezik, tramiteak telematikoki egiteko aukera bistaratzen du eta udal zerbitzuen berri ematen du. Azkenik, ezarpenak atalean, erabiltzaileak jaso nahiko lituzkeen jakinarazpenak aktibatzeko aukera du.

  Erabilera errazeko euskarria garatzean ahalegin berezia egin da, edonork, eta kasik modu intuitiboan, informazioa eskuratu dezan. Klik gutxirekin nahi diren edukietara iritsi daitekeela agertu du Iker Oñate zinegotziak.

  Udala eta herritarren arteko lotura erraztuko duten bitartekoak garatu eta jartzen segitzeko asmoa dute udal arduradunek, beti ere, eskuragarri dauzkagun tresnak unean uneko beharretara egokituz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!