Oñatiko udala

“Gabon dugu anuntzio” emanaldi poetiko-musikala egingo da Arantzazun, larunbat goizean

2026/11/25
Card image cap
Arantzazun sortu eta musikatu dituen 350 Gabon-kanten bilduma emango die Joan Luis Atxegak frantziskotarrei

  Musika eta konposizio literario oparoa eskaini dio Arantzazuk Euskal Herriari. Bitoriano Gandiagak, gai ezberdinen inguruan osatu zituen bere lanak, baita Gabonak gai hartuta. Halako ia 300 hartu ditu Jose Luis Atxega usubildarrak eta asko musikatu eta moldatu ditu. Iñaki Beristainen, Salbatore Mitxelenaren eta Pello Zabalaren beste hainbat lan ere jaso eta musikatu ditu, zazpi karpetatan bildu dituen 350eko kolekzioa osatuz. Horiek frantziskotarren esku jarriko ditu larunbatean, Santutegian gorde ditzaten.

  Materialaren entrega emanaldi berezi eta hunkigarri batez borobilduko da Gabon dugu anuntzio saio poetiko-musikala egingo baita Basilikako koruan, Bitoriano Gandiagaren omenez. Gandiagak idatzitako hainbat olerki errezitatuko dituzte Andoni Salamerok eta Itziar Gomezek eta beste batzuk kantatuko dituzte Arantzazu Aranburuk, Josune Aranburuk, Maria Arrutik eta Juan Ignacio Larreak, organoan, Joan Luis Atxega bera lagun dutelarik. Olerki-errezitaldi-kontzertua, basilikako koruan izango da, larunbatean, 10:30etan hasita.

  Gabon dugu anuntzio emanaldi poetiko-musikala Arantzazuko Adiskideak elkarteak, Arantzazuko Santutegiak eta Donostiako Atotxako fraide frantziskotarrek antolatu dute, Debagoienako Turismo Informazio eta Interpretazio Zentroaren eta Oñatiko Udalaren laguntzarekin, Ezagutu Arantzazu programaren baitan. Pasa den otsailean bete ziren 25 urte Bitoriano Gandiaga hil zela eta urteurren hori gogoan hainbat ekitaldi antolatu dira Ezagutu Arantzazu egitasmoa osatuz. Gandiagaren bizitzan oso presente izan diren arloei eskainitako hitzaldiak eta musika emanaldiak egin dira, hara nola, Gandiaga eta arkeologia, Arantzazuko mendietako aintzinako idazkera deszifratzen aditua Mertxe Urteagaren eskutik, Erlijioaren gaia Gandiagaren poesian Joxe Mari Kortazarrek Donostian eskainitakoa edota, berriki, Oskarbi taldearen musika emanaldia. Hurrengoa, larunbateko errezitaldi-kontzertua izango da, esan bezala. Bertaratzeko asmoa dutenek izena aurrez eman behar dute Arantzazuko adiskideak taldearekin harremanetan jarrita (688 613 840 edo adiskideak@arantzazu.org)

  Bitoriano Gandiagaren heriotzaren 25. urteurrenaren inguruan egindako ekitaldi sortari amaiera emateko, abenduaren 24an Gabon kantu-jira egingo da Arantzazun, arratsaldeko 15:00etan hasita. Aurten, 50 urte bateko dira, Bitorianok berak Pello Zabalarekin batera, ohitura hau abiatu zutenetik. Azken urteetan galdua zegoen, eta aurten berreskuratuko da. Parte hartu nahi duen edonor ongietorria izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!