Hasi dira Gabonetako argi eta apaingarriak jartzen herriko kaleetan
Maykolux enpresako langileak atzo hasi ziren Gabonetako argi eta apaingarriak jartzen plazan eta inguruko kaleetan. Eta horretan jarraituko dute, argiteria datorren astean, abenduaren 3an piztuko baita. Iazko elementu kopurua eta kokapena mantenduko da; kale Zaharrean, Atzeko kalean eta kale Barrian ohiko argi arkuak jarri dira, plazako arkupetan argi bolak eta udaletxeko fatxadan Urte berri on mezua. Baina Errementari plazako kioskoa argiztatuko da, plazako arbolak ez ezik, San Lorentzoko arboletan argi apaingarriak jarriko dira eta Bakardadeko Ama kalean, Maibi aurrealdeko bidegurutzean dagoen arbola ere argiztatuko da, Bidaurretakoa argiztatzen den moduan. Gainera, Olakua eta San Lorentzo auzoetan beste apaingarri batzuk jarriko dira.
Gabonetako argi apaingarriak oso goiz jarri ziren iaz gurean, urria erdialdean, aurten, ordea, pizte egunaren aurreko astean ari dira muntatze lanak egiten. Ez da xamurra halakoak denboraz baina aurrerapen handirik gabe jartzea, pizteko datak paretsu izaten direlako herri guztietan eta halakoetan ari diren enpresentzako lana pilatu egiten delako. Gurean atzo muntatzen hasi ziren argi eta apaingarriak bihar zortzi, abenduaren 3an ixutuko dira eta hala mantenduko dira urtarrilaren 7ra arte; iluntzetik gauerdira arte eta goizeko 7etatik egunsentira arte piztuko dira.
Muntatze, desmuntatze eta mantenu lanak nahiz elementu apaingarrien alokairuaren aurrekontua 18.125 euro da, iazko kopuru berdina.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!