Udalak, guztira, 2.700 euro bideratuko ditu euskararen aldeko jaietara.

2012/06/27
Diru laguntza handienak, erakunde publikoetatik babes gutxien duten iparraldeko eta Nafarroako ikastolen jaiek jasoko dute.

  Gaia modu bateratuan aztertu eta erabaki du udal gobernu taldeak. Tokian tokiko jaiaren antolatzaileek helarazitako diru laguntza eskaerak gorde dira erabaki bateratua hartzeko esan bezala.

  Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko sei jairen berri jaso da, Iparraldeko ikastolen aldeko Herri Urrats, Trapagaranen ospatu zen Ibilaldia, Zarautzen izan zen euskal eskola publikoaren jaia, Bastidako Araba Euskaraz eta oporren bueltan Andoainen eta Zizur Txikian ospatuko diren Kilometroak eta Nafarroa Oinez.

  Aurreko legealdian jada, udalaren diru laguntza, jaia ospatzen den guneari eta bertako erakunde publikoek euskarazko hezkuntzari eskaintzen dioten babesa arabera ematea erabaki zen. Iparraldeko eta Nafarroako jaiek diru laguntza handienak jasotzen dituzte eta Euskal Autonomia erkidegoan ospatzen diren gainontzekoek, kopuru txikiagoa baina denek berbera.

  Aurten, Herri urrats jaiaren antolatzaileek 1.000 euroko diru laguntza jasoko dute eta Nafarroa Oinezek, 700. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako ikastolen aldeko jaiek eta euskal eskola publikoaren jaiak berriz, 250 eurona. Guztira, lehen esan bezala, udalak 2.700 euro bideratuko ditu euskararen aldeko jaietara.

  Baina horiezaz gain, euskararekin erlazionatutako beste elkarte eta erakunde batzuen eskaerak ere jaso dira udalean. Elkarte hauen helburuak eta proiektu puntualak baloratuta, beste 1.500 euro banatzea erabaki da. Behatokiak eta Kontseiluak, 600na euroko diru laguntza jasoko dute eta Udako euskal unibertsitateak, 300 euro.

  Herrira etorrita bertso eskolak ere 2012. honetarako programa aurkeztu dio udalari, jasotako ekintzak aurrera eramateko diru laguntza eskatuz. Bertso eskolak aurtengo egitarauan bildutakoak gauzatzeko 3.400 euroko aurrekontua aurre ikusi duen arren udalak, 3.000 euroko partida dauka horretarako. Orain, diru laguntzaren %60a emango da eta urtea amaituta urteko txostena aurkeztutakoan gainontzeko %40a emango da. Orain, 1.800 euroko diru laguntza emango zaio bertso eskolari.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!