Oñatiko udala

Camilo Umaña Hernandez kolonbiarra da Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko berria

2025/09/12
Card image cap
Camilo Umaña Hernandez (Arg: IISJ)
Erakundeak, bestalde, zuzendari administratiboa kontratatzeko deialdia kaleratu du

  Iaz zuzendari zientifiko izendatu zen Jose Maria Saucak aurreikusitakoa baino lehen utzi du kargua eta ondorioz, beste lagun bat izendatu behar izan du institutuko patronatuak. Ez du urrutira joan beharrik izan, Oñatirekin eta Lege Soziologia Institutuarekin aspalditik lotura duen Camilo Eduardo Umaña Hernandez irakasle kolonbiarra hautatu duelako zuzendari zientifiko, datozen bi urteterako.

  Lege soziologia, giza-eskubideak, kriminologia eta justizia arloko politika publikoak ikertzen ibilbide luzea du Umaña Hernandezek. Kriminologian eta lege soziologian doktore da, azken doktoretza hau gainera Euskal Herriko unibertsitatean lortu zuen, aurrez, Oñatin, master ikastaroa egin eta cum laude kalifikazioaz amaituta. Master programa horretan irakasle gisa aritu zen 2020 eta 2021ean. Kolonbiara itzulita, justizia ministrorde izan zen 2022-2024 urte artean, hainbat lege erreforma gidatu zituelarik.

  Lege soziologia institutuan zuzendari zientifiko berria izendatu dute eta zuzendari administratibo bila dabiltza, halakoa kontratatzeko deialdia kaleratu baitute. Institutuak administrazio-zuzendaritzako arduradun lanpostua bete nahi du. Langilea, Institutuaren finantza-kudeaketaz eta antolaketaz arduratuko da, kanpo-harreman berriak egin eta egun dituenak mantentzen. Lanpostura presentatu ahal izateko, goi-mailako unibertsitate-titulua eskatzen da, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan, Ekonomian, Zuzenbidean, Industria Ingeniaritzan (Antolaketa adarra) edo Gizarte Zientzietako arloren batean. Hizkuntzak ezagutu behar dira eta ingelesa, euskara eta gaztelania menderatzea eskatzen da. Horrezaz gain, kudeaketan eta antolaketan esperientzia izatea, lidergo gaitasuna, komunikazio gaitasuna… baloratuko dira. Deialdia, osorik, institutuaren web atarian ikusi daiteke. Interesatuek irailaren 23ra arteko epea dute eskaerak posta elektronikoz bidaltzeko (c.umana@iisj.es)

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!