Udal gobernuaren “gardentasuna eta koherentzia falta” salatu du EAJk

Prentsara zabaldutako iritzi artikuluan Oñatiko EH Bilduren udal gobernuan gardentasuna eta koherentzia falta dela dio EAJk. Azken hilabeteetan eman diren epai judizialek eraman dituzte jeltzaleak artikulu hori idaztera, Oñatin, udal gobernu taldeak oinarrizko lan eskubideak urratu dituela, zehaztuz.
Bi epai konkretu aipatzen dira idatzian, 2024ko maiatzean eta 2025eko uztailean ebatzitakoak. Lehenean, udalean sartzeko enplegu finkoa utzi zuen langilearen kasua da, bidegabeki kaleratu zela argudiatuta, berriro lanean onartu eta 30.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu zen udala. Uztailean berriz, mantentze arloko langile baten osotasun fisikorako eskubidea urratzeagatik udalaren aurkako bi epai eman direla dio EAJren idatziak. Epaiak ezberdinak izanik ere, lan-kudeaketa eskasa eta laneko prebentzio-politika eza ondorioztatu dute jeltzaleek. Era berean, udal gobernuak akatsak onartu beharrean errua epaitegiei eta kontratatutako prebentzio enpresari leporatu diola dio idatziak, jarrera arduragabea leporatuz. Bi kasu hauen inguruan ahots kritiko banaketakoa EAJren udal taldearena izan dela diote jeltzaleek.
Sindikatuei ere begiratu diete eta jarrera deigarria izan dutela dio artikuluak, erreakzio publiko esanguratsurik ez dela egon adieraziz. Hori, agintean dagoen kolore politikoari egotzi dio EAJk eta hitzez hitz dio: EH Bilduk gobernatzen duelako badirudi denak balio duela. Alderdi kontuak alde batera utzita udalean lan egiten duten pertsonek errespetua, duintasuna eta segurtasuna merezi dutela diote jeltzaleek publiko egin duten iritzi artikuluan. Amaitzeko, Oñatiko udal kudeaketan eraldaketa eskatu dute koherentzia handiagoa, gardentasun gehiago eta udalaren eguneroko funtzionamendua posible egiten dutenekiko errespetu handiagoa behar dela esanez.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!