Udalak, Euskal Fondoarekin lankidetza hitzarmena sinatu du.
Euskal Fondoa 1996an sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da. Euskal Herriko toki korporazioek eta toki izaerako beste erakunde batzuek osatzen dute.
Oñatiko udalak urteak daramatza Euskal Fondoarekin lankidetzan eta aurten ere, hitzarmen berria sinatzea erabaki da. Hala, garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako udal diru laguntzetatik, 40.000 euro Euskal Fondoaren esku utziko dira El Salvador eta Guatemalan babesten dituen bi proiektutara bideratu ditzan.
Lehen proiektua, El Salvadorreko Chatanengo Departamentuko 17 udalerritan kokatzen da eta hiri hondakin solidoen kudeaketa osoa sendotzean datza. Teknikoki, hondakinen kudeaketa hobetzeko, batutakoa konpostatze plantan zentralizatzea aurre ikusten da. Konpostatze plantetatik errefusa gunetara hondakinak trinkotuta garraiatzeko kamioi bat erosiko da eta udalerri bakoitzean, ingurumen batzordeak antolatuko dira.Horretarako, 51 pertsona, gizon eta emakume, profesionalki trebatuko dira.
77.000 biztanlerengan eragina izango duen proiektu hau, 12 hilabeteko epean gauzatu asmo da. 108 mila euroko aurrekontua du eta Oñatitik, 20.000 € bideratzea onartu du udalak.
Oñatiko diruz babestuko den bigarren proiektua berriz, Guatemalako Fray Bartolomé de las Casas udalerrian kokatzen da, La Balsita deritzon herrixkan. Helburua, 4 kilometro eta erdiko luzera izango duen landa bidea eraikitzea da. Baina oraingoz, lehen faseari ekingo zaio eta 6 metroko zabalera izango duen 2 kilometro eta erdiko bidea egingo da.
Bideak, La Balsita herrixkako bizilagunek landatutako produktuak merkatura eramateko erraztasunak ez ezik, osasun eta hezkuntza zerbitzuetara iristeko aukera ere emango du.
6 hilabeteko epean gauzatu asmo den proiektu honek 86.000 euroko aurrekontua du eta Oñatitik, 20.000 eurorekin lagunduko da.
Gogoratu bestalde, Udalak beste ia 90.000 euro bideratuko dituela garapen bidean dauden herrialdeetako bizilagunen egoera sozio ekonomikoa hobetzeko proiektuetara. Partikularrek nahiz gobernuz kanpoko erakundeek proiektuak aurkezteko epea, uztailaren 7an, datorren astelehenean amaitzen da. Proiektuak eta dagozkien eskaerak udal bulegoetan presentatu behar dira.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!