Ikasleei hezkuntza-laguntza ematen lagundu nahi duten herritarrei deia luzatu die Gurutze Gorriak

Eskola-Arrakasta izeneko proiektua Bergaran abiatu zuen Debagoieneko Gurutze Gorriak duela urte batzuk eta haurrei hezkuntza-ikaskuntzan eta garapen pertsonalean laguntzea du helburu. Zaurgarritasun-egoeran dauden 8 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago eta errefortzuko eskolak ematean datza. Hezkuntza ibilbidean aurrera egiteko zailtasunak dituzten 8-12 urte bitarteko haurrak geroz eta gehiago direla dio Gurutze Gorriak, familia-baliabideen gabezia, hizkuntza-gabeziak edo gizarte-ingurune batzuen konplexutasuna bere hezkuntza-prozesuan eta etorkizunerako aukeretan eragina duten faktoreak direla azaldu du Elena Ibarrondo programaren koordinatzaileak. Auzo-laguntzako lankidetza eta elkartasun-sareak indartzeko deia egin du Ibarrondok, boluntariotza-lanaren bitartez, gazteek aukera-berdintasuna izan dezaten.
Elena Ibarrondo boluntario oñatiarrak koordinatzen du Eskola-arrakasta proiektua eta zertan datzan azalduko du Bergaran, ostegunean egingo den informazio-hitzaldian. Bergaran bezala, eskualdeko beste udalerrietara zabaldu daitekeen programa da, beti ere, boluntario talde bat elkartzen bada. Eta hori da ostegunerako antolatu den hitzorduaren beste helburuetako bat, Debagoieneko Gurutze Gorrian boluntario-lanak egiteko dauden aukera ezberdinen berri ematea.
Informazio hitzaldia, Bergarako Jubilatuen Etxean izango da, ostegunean, 18:00etan hasita. Bertaratzeko zailtasunak dituenak baina boluntario aritzeko interesa duenak, Debagoieneko Gurutze Gorriarekin harremanetan jarri daiteke honako telefono zenbakian: 943 765 576.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!