Oñatiko udala

Hasi dira Gabonetako argi apaingarriak jartzen

2025/10/14
Card image cap
Udaletxea, gaur goizean
Abenduaren 4an piztuko dira eta azken urteetan baino elementu gehiago eta leku gehiagotan jarriko dira

  Hernaniko Maykolux enpresari esleitu zaio Gabonetako argiteria jarri eta mantentzeko zerbitzua, aurten ere, eta dagoeneko hasi dira instalazio lanak egiten. Atzeko kalean, esaterako, apaingarriei eutsiko dieten kableak jartzen hasi dira eta plazan, arkupetako argidun bolak kokatuta daude, jada. Ez dira, ordea, berehalakoan piztuko, abenduaren 4an ixuketia erabaki baitu Udalak. Bitartean, instalazio guztia eta elementu eta argi apaingarrien muntaketa egin beharko da.

  Azken urteetan baino lehenago piztuko dira argi apaingarriak eta elementu gehiago eta leku gehiagotan ere jarriko dira. Kale Zaharrean, Atzeko kalean eta kale Barrian ohiko argi arkuak jarriko dira eta udaletxeko fatxadan ere Gabonetako mezua irakurri ahal izango da, baina Errementari plazako kioskoa argiztatuko da, plazako arbolak ez ezik, San Lorentzoko arboletan ere argi apaingarriak jarriko dira eta Bakardadeko Ama kalean, Maibi aurrealdeko bidegurutzean dagoen arbola ere argiztatuko da, Bidaurretakoa argiztatzen den moduan. Gainera, Olakua eta San Lorentzo auzoetan beste apaingarri batzuk jarriko dira.

  Halako lanak egiten dituzten hiru enpresei proposamena eta aurrekontua aurkeztea eskatu zitzaien, Gabonetako argi apaingarriak jartzeko zerbitzua kontratatzeko, eta eskaintza merkeen eta osatuena presentatu duen Maykolux enpresaren lehenetsi da. Muntatze, desmuntatze eta mantenu lanak nahiz elementu apaingarrien alokairuaren aurrekontua 18.125 euro da. Gabonetako argi apaingarriak jartzeko lana egiten duten enpresentzat bereziki lanpetuak izan ohi dira urte amaierako asteak, deiak eta enkarguak herri askotatik jasotzen dituztelako eta guztiak garai bererako. Ondorioz, muntatze lanak aurreratzen saiatzen dira, kasu honetan, Oñatin egiten hasi diren bezala, Gabonetarako bi hilabete pasa falta diren arren. Kontratuan, elementu guztiak kentzeko epe-muga ere zehaztu du Udalak, 2026ko urtarrilaren 19a izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!