Oñatiko udala

Udalak eta Tokixan elkarteak lankidetza hitzarmena sinatuko dute, Olaburuko instalazioak erabiltzeko

2026/05/05
Card image cap
Ekintzailetza agroekologiko eta kooperatiboa sustatzeko ikastaroa emango da datorren ikasturtean

  Udala eta Tokixan elkartearen arteko harremana ez da berria, iazko iraileko Osoko Bilkuran jada onartu zen San Martin Fundazioaren jabetzakoa den Erguña Etxeberria baserria eta hari lotutako lursailak eta garai bateko Exibai baserriaren lurzatiak ere 10 urtetarako lagatzea, Tokixan Debagoienean elikadura burujabetza proiektua garatzeko. Tokixan elkartearen helburuen artean dago lehen sektorean jardun nahi duten pertsonei prestakuntza eta ekintzailetza prozesu egituratua eskaintzea eta prestakuntza horren alde teorikoa emateko Olaburu zentroko instalazioak egokiak direla ikusi da. Hala, espazio horren erabilerarako lagapen hitzarmena sinatuko dute Udalak eta Tokixan elkarteak, azken Osoko Bilkuran aho batez onartu ondoren.

  Ekintzailetza agroekologiko kooperatiboa sustatzeko Tokixan ikastaroa 2026-2027 ikasturtean eskainiko da lehenengo aldiz. Azaroan hasi eta 2027ko ekaina erdialdera arte luzatzea aurreikusten da. 390 orduko ikastaroa izango da, 160 ordu teoriko eta 230 ordu praktiko beteaz. Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago, ekainaren 15era arte. Ikastaroaren alde teorikoa Oñatin, Olaburun emango da, Udalak eta Tokixan elkartearen arteko lankidetza hitzarmenaren babesean.

  Hitzarmenak lau urterako indarraldia izango du, beste lau urtez luzatu daitekeelarik. Tarte horretan Tokixan elkartearen jardunak Udalak dituen beharren arabera garatuko dira, espazioen esleipena eta ordutegia zehazteko lehentasuna Udalak izango baitu. Aldaketak bi aldeek koordinazioan adostu beharko dituzte, hurrengo ikasturteetarako ordutegi eta egutegien antzera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!