Oñatiko udala

Udalak eta Lege Soziologia Institutuak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean

2016/07/11
Card image cap
Helburua, Oñatiko herriari ekarpena egiten dioten ikerketa proiektuak sustatzea da

  Mikel Biain alkateak eta Eusko Jaurlaritzaren Justizia sailburuorde eta lege soziologiako nazioarteko erakundearen patronatuko zuzendari Ana Agirrek sinatu dute lankidetza-hitzarmena goizean udaletxeko areto nagusian. Ekitaldian Udaleko eta lege soziologia institutuko patronatuko beste zenbait ordezkari izan dira.
Mikel Biainek esan du, Oñati nazioartean eta lege soziologia arloan ezagun egin duen institutuari sostengua eman nahi diola Udalak. Lege soziologia institutuko patronatuko zuzendari Ana Agirrek berriz, Oñati Udala Grant izeneko bekaren garrantzia azpimarratu du eta Udalak, institutuari betidanik eman dion babesa eskertu du. Soziologia juridikoa, munduan gertatzen ari diren aldaketak aztertu eta ulertarazteko oinarri dela esan du Ana Agirrek

  Lankidetza hitzarmena sinatuz ofizialdu da Oñati Udala Grant izeneko beka berria. Udalak urtero 4.000 euroko diru ekarpena egingo dio zuzenbide eta gizarte-zientzien arloko ikerketa proiektua bati. Proiektu horrek Oñatiko herriari ekarpena egin beharko dio beti ere, eta lotura izan beharko du tokiko autogobernua, hiritartasun aktiboa edota naziogintzaren alderdi sozio-juridikoarekin. Doktoretza-proiektu, ikerketa-proiektu nahiz proiektu praktikoa izan daiteke. Ikerketa amaitutzat emateko, institutuko argitalpen sailaren bidez argitaratuko den artikulu bat bederen prestatu beharko da. Udalaren beka, fenomeno juridikoak aztertu nahi dituen gizarte zientzialarien arteko nazioarteko lankidetza-proiektuetara ere bideratu daiteke.

  Lege Soziologia Institutua 1988an sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Lege Soziologiako Ikerketa Batzordeak elkarlanean. Eskaintzen dituen jardueren artean, master ofizial bat, lege soziologiaren arloko zientzia-mintegiak eta hainbat zientzia-agerkari daude. Bere instalazioek, liburutegiak bereziki, goi-mailako ikerketa proiektuak gauzatzeko aukera eskaintzen dute. Urteak aurrera joan ahala, erakundea mundu mailako erreferente bihurtu da zuzenbidearen teoria nahiz soziologia eta beste gizarte-zientzien alorretan lanean diharduten ikerlarientzat. 80. hamarkada amaieran Oñatiko alkate zen Eli Galdosen kudeaketari esker bilakatu zen, neurri batean, Oñati erakundeko egoitza. Udalak, geroztik, beti babestu du erakundearen jarduna.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!