Udalak eta Hijos de Juan de Garayk hitzarmena sinatuko dute Otadui zuhaiztia pasealekua konpontzeko
Otadui zuhaiztiko pasabidearen arazoa aspaldikoa da. Iazko maiatzaren 15ean jada behera etorritako pasealekuaren zoru zatia konpontzea eskatu zion Udalak Garay enpresari, jakinik sortu zen zuloa espaloiaren aldamenean doan ubidearen eustorma zati bat jausi izanaren ondorio dela. Otadui zuhaiztian dagoen pasealekua publikoa da, aldiz, honen azpian Hijos de Juan de Garay enpresaren jabetzako ubide pribatuaren eustorma dago. Eustorman antzemandako hondamenek bide publikoan eragin zuzena dute eta horrek herritarren segurtasuna arriskuan jartzen du.
Historikoki, zuhaiztiarekin mugatzen duen ezkerreko hormaren zati batzuk erori direnean, konponketa gastuak erdibana ordaindu dituzte Udalak eta enpresak. Hala egin zen, esterako, 1995ean aipatu hormaren konponketa bideratu zenean. Oraingoan ere formula berbera errepikatzea adostu dute bi aldeek, hainbat bileren ostean, eta hala onartu zen azken Osoko Bilkuran, aho batez. Construcciones Ugarte enpresari eskatu zioten lanen aurrekontua Hijos de Juan de Garayko arduradunek eta 27.745 euroko eskaintza jaso zuten. Proposamena eskutan, erdibana ordaintzea adostu dute Udalak eta Hijos de Juan de Garay enpresak baina Udalaren aldetik 20.000 euroko muga jarrita, konponketa lanak garestitzen badira ere.
Konponduko den eustorma tamaina ezberdinetako hareharrizko harlangaitz horma da eta material aglomeratzaile gisa lur hareatsua erabili zen, kantitate txikian karearekin nahastuta. Hormak zementuzko morteroz tailatuta daude kanalarekin kontaktua duten kanpoko paramentuetan. Horma, beraz, material txikiarekin egina dago zati handi batean eta material hori ez dago behar adina aglomeratuz lotuta, egonkortasuna bermatzeko. Orain egingo den konponketan harlangaitz hormaren ordez hormigoi armatuzko berria eraikitzea aurreikusi da. Era berean, hormaren egonkortasuna bere osotasunean aztertzeko eskaera egin dio Udalak Hijos de Juan de Garay enpresari. Baina apurtutako zatiaren konponketarako hitzarmena sinatu eta bertan jasotakoa lehenbailehen egingo da, segurtasun publikoa bermatzeko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!