Udalak eta herriko ikastetxeek elkarlanean, abenduaren 3an EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA ospatzeko egun beteko programa egituratu dute aurten berriro.

2013/12/03
Card image cap
Iaz halako lehen esperientzia arrakastatsua izan zela ikusita, aurten errepikatzea erabaki da.

  Datorren astearteko ospakizunak, lehen hezkuntzako lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailako ikasleekin egingo diren jolasak dira. Goizeko 9 eta erdietatik aurrera, “euskaraz jolasean” arituko dira hiru ikastetxeetako 4 kurtsotako ikasleak kiroldegian.

  Goiz eguerdi parteko hurrengo ekitaldia, batxilergoko ikasleei zuzenduta egongo da. BERBA ETA TXOKOLATIA izenpean, world cafe moduan ezagutzen den taldekako hausnarketa eta eztabaida saioa egingo dute. DIKOMA izeneko egitasmoko materiala erabiliz hizkuntza gatazkei buruz eta halakoetan zer egin daitekeenari buruzko hausnarketa egingo dute pare bat ordutan batxilergoko ikasleek. Amaieran, ekitaldi “golfo” moduan izendatu dena izango dute. Guztia, Gaztelekuan.

  Arratsaldean berriz, herriko euskaltzaleei eta euskaltegiko ikasleei egingo zaie hausnarketarako gonbidapena. Taldeka, “Ekolingua” proiektuko karta jokoa praktikan jarriko BERBA ETA KAFEA izeneko saioa osatuz. Arratsaldeko 6retatik aurrera izango da, hori ere Gaztelekuan. Ordu berean hasiko da udaletxeko arkupetan FAMILIAN KANTU SAIOA. Euskal kantuak familia giroan abestuko dira.

  Euskararen nazioarteko egunari dagokion egitarauan baina bi egun beranduago, abenduaren 5ean berriz, BERBA ETA AFARIA saioa egingo da Makalena elkartean. Lagun arteko afari giroan Iñaki Artola Jaurlaritzako Hezkuntza saileko ordezkariarekin solasaldia antolatu da. Artolak, urteak daramatza normalkuntza legearen garapeneko arduradun moduan ikastetxeekin elkarlanean. Aurtengo ESKOLA HIZTUN BILA jardunaldietan eman zuen hitzaldian, helburua, ikasleek/gazteek euskaraz hitz egitea baino euskaraz hitz egin nahia izatea dela azaldu zuen. Horren inguruko argibideak emango ditu datorren osteguneko BERBA ETA AFARIA saioan.

  Aipatutako guzti horrezaz gain, herriko hiru ikastetxeetako ikaslez osatutako Komunikazio Talde bat ere arituko da lanean, Euskararen Egunean gertatuaren berri udal komunikabideetan emanez, hau da, Oñati Irratian eta Kontzejupetik aldizkarian. Hori dela eta, datorren asteleartean Oñati Irratiak emanaldi berezia egingo du goizeko 10.30etatik 12.30ak bitartean. Irratsaio honetan kalean izango diren kazetari gazteekin zuzeneko konexioak egingo ditugu.

  Herriko ikastetxeek urteak daramatzate Euskararen Eguna modu berezian ospatzen. Aurten, iaz bezala, ospakizunak batera izango dira eta ez bakarrik ikasleei soilik zuzenduta.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!