Udalak eta herriko ikastetxeek elkarlanean, abenduaren 3an EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA ospatzeko egun beteko programa egituratu dute.

2012/11/26
Goizean goiz hasi eta gauera arte, adin tarte eta egoera ezberdinean dauden herritarrentzako ekintzak egingo dira.

  Datorren asteleheneko ospakizunak, lehen hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailako ikasleekin egingo diren jolasak dira. Goizeko 9:30etik aurrera, “euskaraz jolasean” arituko dira hiru ikastetxeetako 3 kurtsotako ikasleak, plaza ondoko aparkalekua izan zenekoan. Ondoren, ekintzari amaiera emanez, denek elkarrekin “euskaraz bizi gara” abestia kantatu eta dagokion koreografia osatuko dute plazan.

  Goiz eguerdi parteko hurrengo ekitaldia, batxilergoko ikasleei zuzenduta egongo da. BERBA ETA TXOKOLATIA izenpean, world cafe moduan ezagutzen den taldekako hausnarketa eta eztabaida saioa egingo dute. Euskara eta honen erabilpenari buruzko hausnarketa egingo dute pare bat ordutan batxilergoko ikasleek. Amaieran, magia eta musika emanaldia izango dute Gaztelekuan.

  Astelehenean berriz, Herriko euskaltzaleei eta euskaltegiko ikasleei egingo zaie hausnarketarako gonbidapena. Taldeka eta mahaitik mahaira aldatzeko sistema berbera jarraituz BERBA ETA KAFEA saioa egingo da arratsaldeko 6retatik aurrera Gaztelekuan. Ordu berean hasiko da udaletxeko arkupetan FAMILIAN KANTU SAIOA. Euskal kantuak familia giroan abestuko dira.

  Eta egunari amaiera emateko, BERBA ETA AFARIA saioa antolatu da iluntzeko 8etatik aurrera Makalena elkartean. Lagun arteko afari giroan Koldo Izagirre idazlearekin solasaldia antolatu da. Horretarako, Izagirrek  euskararen egoeraz idatz izuen “autopsiarako frogak” liburua izango da  abiapuntua.

  Kontu egin behar da Berba eta afaria saio honetarako lekua mugatua dela eta horretxegatik, afaritarako 30 txartel egin dira soilik. Txartelak, 15 euroren truke, dagoeneko salgai daude Kultur Etxean.

  Aipatutako guzti horrezaz gain, herriko hiru ikastetxeetako ikaslez osatutako Komunikazio Talde bat ere arituko da lanean, Euskararen Egunean gertatuaren berri udal komunikabideetan emanez, hau da, Oñati Irratian eta Kontzejupetik aldizkarian.

  Hori dela eta, datorren astelehenean Oñati Irratiak emanaldi berezia egingo du goizeko 10etatik 12ak bitartean. Irratsaio honetan kalean izango diren kazetari gazteekin zuzeneko konexioak egingo ditugu.

  Herriko ikastetxeek urteak daramatzate Euskararen Eguna modu berezian ospatzen. Aurten, ospakizunak batera izango dira eta ez bakarrik ikasleei soilik zuzenduta. Euskararen Nazioarteko Egunerako antolatu diren ekitaldi ezberdinek ia 4.000 euroko aurrekontua dute.    

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!