Bidebarrieta kaleko 16-18an udalak dituen lokalak eraberritzeko lanak esleipenera atera dira
Amaia Igartua Arkitekturak osatutako proiektuaren arabera eraberrituko dira udalak Bidebarrieta kaleko 16-18an dituen lokalak. Espazioak berrantolatuko dira, euskaltegiaren eta Txipistin zerbitzuaren beharretara egokitzeko. Bide batez, klimatizazio eta aireztapen sistemak ere eraberrituko dira. Egungo distribuzioa guztiz eraitsiko da, eta espazioaren banaketa berri bat gauzatuko da. Barruko tabikeria aldatuko bada ere, mehelinak bere horretan mantenduko dira. Horrez gain, lokala irisgarri izateko, kotak berdindu eta ateak moldatuko dira, sarrerak guztiz irisgarri bihurtuz.
468 metro karratuko lokalean sei ikasgela eratuko dira, euskaltegia eta Txipistin zerbitzuarentzako hiruna. Gelak, sarreratik zabalduko den pasiloaren inguruan kokatuko dira. Irakasle gela ere egingo da eta bi zerbitzuek elkarbanatuko dute. Komunen egungo distribuzioa aldatuko da; komun irisgarria sortuko da eta beste komunak lekuz aldatuko dira. Berrantolaketa horri esker, Euskaldun berri gela luzatu egingo da eta tabike mugikorren bitartez 2 gela sortzeko aukera izango da. Galdara gela egungo leku berean mantenduko da eta ondoan garbi gela berria sortuko da. Esleipenera atera diren lan hauen aurrekontua 594.789 euro da eta lanak egiteko sei hilabeteko epea finkatu du Udalak.
Azaroaren 28an amaitzen da proposamenak aurkezteko epea eta kontratua esleitzerakoan bost irizpide hartuko dira kontutan: prezioak 65 puntu emango ditu, memoria teknikoak 20 eta berme epea luzatzeak, egikaritze epea murrizteak eta berdintasun ikuspegia kontuan hartzeak bosna puntu.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!