Hasi dira San Lorentzoko jolas gunea eraldatzen
K1 Ekopaisaia enpresako langileak goizean hasi dira egungo jolas parkera batuko den aldea hesitu eta lehen lanak egiten. San Lorentzoko jolas gunean dauden bi berdegune egokituko dira 0-3 urte bitarteko haurrentzat jolas parke naturalizatua sortzeko. Hiru eremu eratuko dira, hondar, pinu azal eta kortxozko zoruekin, eta jolaserako elementuez hornituko dira: harriak, enborrak, aulkiak edota mahaiak. Horiekin batera, hesiak, eserlekuak eta seinaleztapena jarriko dira. Haurren sormena eta esperimentazioa sustatu nahi da, jolas-parke tradizionaletan ohikoak ez diren elementu naturalak erabiliz. Era berean, haur txikienentzat propio sortutako gune bat egokitu nahi da.
Pasa den osteguneko Tokiko Gobernu Batzarrean esleitu ziren San Lorentzoko jolas gunea eraldatzeko lanok eta ahalik eta arinen egiteko aukera eskaini zuen enpresa lehenetsi zen, proposatutako aurrekontua garestiagoa zen arren. Lanak hilabeteko epean egingo ditu K1 Ekopaisaia enpresa azpeitiarrak, 48.211 eurotan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!