Bi hautagai aurkeztu dira Oñatiko bake epaile izateko
Oñatiko bake epailea eta haren ordezkoa hautatzeko izen-emate epea azaroaren 10ean amaitu zen. Bi hautagai aurkeztu dira eta eskatutako baldintzak betetzen dituzten egiaztatu behar da. Hala bada, elkarrizketarako hitzordua egingo da biekin, hori baita hautaketarako irizpide nagusia, oinarrietan zehaztu zenez. Hautagaien ikasketak eta langabezian egotea ere baloratuko dira. Aurrez, dena den, prozesua baloratuko duen epaimahaia izendatu behar da. Alkateak edo alkate-ordeak, udal alderdi bakoitzeko zinegotzi batek, euskara maila neurtuko duen teknikariak, udal sindikatuen ordezkari banak, udalerriko abokatu batek eta udal idazkariak edo honen ordezkoak osatuko dute epaimahaia.
Oñatin bizi, 18 urte beteta izan eta euskaraz eta gazteleraz ahoz zein idatziz lan egiteko gaitasuna izatea dira Oñatiko bake epaile izendatzeko oinarrizko baldintzak. Ezintasun batzuk ere zehazten ditu legeak, hau da, abokatu eta prokuradore lanetan jardutea, aholkulari juridikoa izan, kargu politiko edo sindikala izan edo administrazioko funtzionario edo langile direnak ezin dira bake epaile izan.
Bake epaileak herri mailako auzi txikietan parte hartzen du eta erregistro tramiteak egin eta egiaztatzen ditu. Lan horren truke ordain txiki bat jasotzen du. Izendapena lau urtetarako izan ohi da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!