Udalak eta Foru Aldundiak elkarlanean jarraitzen dute Goilarre programaren baitan
Udalaren eta Foru Aldundiaren elkarlanean eta ko-finantzazioan oinarritutako kudeaketa eredua da Goilarre programa. Herri onurako mendien larreetan jarduten duten ganaduzaleen bizi eta lan baldintzak hobetzea da programaren helburua eta egin beharreko hobekuntzak identifikatu eta lehentasunak abeltzainen elkarteekin batera finkatzen dira. Oñatin itxitura eta paso kanadiar berriak egin dira, bideak, ur-aska eta ur instalakuntzak konpondu dira eta gatzarriak ere jarri dira ganaduarentzat, azken hilabete hauetan.
Lan hauek Aldundiaren eta Udalaren artean ordaintzen dira eta ko-finantziazioa hiru irizpideen gain egiten da: larre azalera; babestutakoaren izaera, hau da, naturgunea den ala ez; eta abeltzain kopurua. Aurreko urteetan Udalak inbertitutakoaren arabera Aldundiaren ekarpena aldatu egiten da, eta tokiko inbertsioa handitu ahala Diputazioarena ere handitzen da. 2025eko larre kanpainaren baitan, Udalak ia 27.000 euro eta Foru Aldundiak beste 53.000 jartzea adostu zuten eta diru horri esker egin dira aipatutako lanak. Aurten ere beste hainbat hobekuntza egingo dira, ganadua larreratzeko eskaera egin duten abeltzainen eta animalien baldintzak hobetzeko. Aloña, Aitzgain eta Artia inguruetan ganadua bazkatzera eramateko baimena 92 abeltzainek eskatu dute. Hiru eremuek 695 hektarea hartzen dituzte eta 2.443 ardi. 179 behi, 578 behor eta 79 ahuntz larreratzeko baimen-eskaerak tramitatu dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!