Udal artxiboko zazpi dokumentu zaharberrituko dira
Udal artxiboko dokumentu historikoak ahalik eta egoera onenean mantentzeko zaharberritze lanak egin behar izaten dira. Dokumentuen garrantzia, antzinatasuna, erabilgarritasuna edota egoera kontutan hartuta, hainbat liburu, banakako agiri eta txosten zaharberritzen dira urtero. Azkenaldian gainera, planoak berritzen hasi dira. Aurten, XVI, XVII, XIX eta XX. mendeko zazpi dokumentu berritzea erabaki da.
Zaharberrituko den dokumentu antzinakoena, eta bitxienetakoa, 1510ean idatzitako kexa da, herritarren kontra garaiko errege-erreginei aurkeztutako kexa. Nonbait, Oñatiko kondeak izendatutako alkateari aginte-makila kendu zioten herritarrek. Bost orriko dokumentua da, sepia tintaz eskuz idatzitakoa eta egoera oso txarrean dagoena.
XVI. mendeko beste bi dokumentu ere zaharberrituko dira: Martin Ibanez de Hernaniren kontuen berri ematen duen txostena, batetik, eta 1588tik 1603ra bitarteko dekretuak biltzen dituen liburua, bestetik. Lehena 45 orriz osatutako paper sorta da, josita daude baina egoera oso txarrean. Bigarrena, aldiz, pergaminozko azala duen liburua da, orokorrean, egoera nahiko onean dago, tintaren azidoak zulatutako orri batzuk dituen arren. Orrien %10a inguru kaltetuta daude.
Bitxia da baita ere XVII. mende hasierako beste auzi-idatzi bat; 1617koa da eta urte hartako Domu Santu egunez Mikel Goiaingeruaren elizan eta hilobi baten gainean sortu zen iskanbilaren ingurukoa da. Josita dauden 32 orriko dokumentua da, egoera txarrean dagoena.
Beste hiru dokumentuak XIX eta XX. mende hasierako planoak dira. Bik data berbera dute, 1880ko maiatzaren 18a eta nolabaiteko lotura dute, batek Oñatiko kaleetan dauden burdinazko hoditeria irudikatzen du eta besteak gerora egingo ziren kale-iturrien 5 bozeto biltzen ditu. Zimur eta tolestura asko dituzten dokumentuak dira eta horrek berak kaltetu ditu. Azkenik, Gezaltza baserriko plano bat ere zaharberrituko da. 1912ko data dauka eta plano bakarra den arren puskatuta dago, sei zatitan. Planoaren marrak beltzean daude eta zatika, gorriz eta berdez margotuta dago.
Dokumentu guztietan oinarrizko zaharberritze lanak egingo dira, eta bakoitzaren egoeraren araberako esku-hartze bereziak egingo dira. Tratamendu egokiena zehazteko, berezko osagaiak eta materialak aztertuko dira, paper mota eta PH edo garraztasun maila, tinta motak eta disolbagarritasuna. Aldaketek sortu ditzaketen arriskuak ere baloratuko dira. Kalitatezko kontserbazio materialak erabiliko dira, kasu guztietan, neutroak eta itzulgarriak.
Zaharberritze lanok Marta Gatell enpresak egingo ditu eta 5.547 euroko aurrekontua dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!