Oñatiko udala

Olibondo bat landatu eta Palestina izena jarriko zaio Kalegoienako lorategi bati

2026/04/24
Card image cap
Herritar ekimenez aurkeztutako mozioa aho-batez onartu zuen udalbatzak atzoko Osoko Bilkuran

  Oñati Palestinarekin taldeak sustatu duen eskaera da eta ia 1.000 herritarrek be-raien sinaduren bidez babestu dute. Ankerkeria eta zapalkuntza guztien aurrean duintasuna eta bizitzeko grina erakusten duen Palestinako herriari aitortza egin nahi zaio, elkartasuna adierazi eta dituen eskubideak aldarrikatzearekin batera. Ekimena, bakearen eta giza eskubideen aldeko elkartasun keinu goxo gisa aurkezten da mozio-idatzian, Oñati eta Palestinako herrien arteko zubia eraikitzeko bitarteko gisa eta biziaren, erresistentziaren eta itxaropenaren balioak partekatuz. Guzti hori bost puntuko mozio-eskaeran laburbildu ditu Oñati Palestinarekin herri ekimenak:

1. Kalegoienan izenik gabe dagoen lorategiari PALESTINA LORATEGIA izena ematea, aurrerantzean horrela ezagutua izan dadin.
2. Izendapena ofiziala izan dadin, udalak beharrezkoak diren administrazio urratsak eman eta plazan plaka egoki bat jartzeko baimena.
3. Lorategiaren inaugurazio ekitaldian, Palestinaren ikur nagusi den olibondo bat landatzeko baimena.
4. Herritarrei mozio honen berri ematea udaleko komunikabideen bidez.
5. Izendapenaren inguruan antolatuko diren ekitaldietan udalak laguntza ematea.

  Udalbatza osatzen duten bi taldeek aho batez babestu zuten eta eskatu bezala, landaketa eta izendapena ofizialki gauzatu dadin, dagozkion administrazio trami-teak bete eta laguntza emango du. Mozioa Oñati Palestinarekin herri ekimeneko partaide batek irakurri zuen, batzar aretora joan ziren hainbat herritarren aurrean.

  Palestina lorategiaren izendapen ekitaldia, maiatzaren 24an gauzatuko da, 19tik aurrera burutuko den Palestinaren aldeko jardunaldien baitan. Goizeko 11:30etan eta plazatik abiatuta kalejira egingo da Kalegoienaraino eta bertan olibondoa landatzearekin batera, Palestina lorategia deritzon plaka bistaratuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!