Udalak, energia eraginkortasuna hobetzeko Energiaren Euskal Erakundearen diru laguntza eskatuko du

2015/07/20
Card image cap
Bi proiektua aurkeztuko ditu

  Energiaren Euskal Erakundeak Herri Administrazioaren alorrean inbertsioak sustatzeko laguntzak eman ohi ditu. Udalak, lehenago ere, eskatu eta eskuratu ditu EEEren diru laguntza hauek. Orain, 2015eko programarako deialdia zabaldu da eta Udalak, bi proiektu berri aurkeztea erabaki du; kale argiteria berritzeko bata eta udaltzaingoko berokuntza sistema aldatzeko bestea.

  Udalak, urteak daramatza kanpo argiteria publikoa energetikoki eraginkorragoa izan dadin lanak egiten. Aurten, kale argiteria eraberritzeko III. faseari ekin asmo dio. Fase honetan, Bidebarrieta kaleko argiteria aldatu eta hainbat biribilgunetako argiztatzea aurre ikusten du. Bidebarrieta kaleko argiteria, kiroldegi parean hasi eta Portalekuraino aldatu asmo da. Gainera, GI-2630 errepidean dauden biribilguneak argiztatu nahi dira. Argiztatze proiektu honen aurrekontua ia 84.000 euro da.

  Eraikin publikoen energia eraginkortasuna hobetzeko ahaleginean bestalde, udaltzaingoa dagoen eraikineko berokuntza sistema aldatu nahi da. Ur bero eta berokuntza instalazioa aldatuko da egungo gasoliozko galdara kendu eta biomasazko berria jarriz. Lan hauek, 31.000 euroko aurrekontua dute.

  Energiaren Euskal Erakundearen diru laguntzetara aurkeztuko diren bi proiektuok, 115.000 euroko inbertsioa eskatuko diote Udalari. Hori, hasieran behintzat, EEEk laguntza emanez gero, udal inbertsioa murriztu egingo baita.
Diru laguntza hori jasotzeak lanen exekuzioa mugatuko du, laguntzak justifikatzeko aurkeztu behar diren fakturak urte akaberara artekoak izango baitira soilik. Beraz, lanak, abenduaren 31 baino lehen egin beharko lirateke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!