Oñatiko udala

Udalak 22 plaza betetzeko aparteko lan eskaintza publikoa onartu du

2022/05/28
Card image cap
Egonkortze prozesuan 20 eta barne promozioz 2 bete asmo dira

  Administrazio publikoan behin behinekotasuna murrizteko egonkortze prozesuaren baitan, Oñatiko udalak, 20 plaza betetzea aurreikusten du. Baina kaleratu berri duen aparteko lan eskaintza publikoan, barne promozioz beteko diren bi ere jaso dira. Beraz, 22 guztira. Lanpostuak egonkortzeko Iceta dekretu moduan ezagutzen denak dioenez, administrazio bakoitzak ekainaren 1erako argitaratu behar ditu deialdi berezi honetan osatu asmo dituen plazak; Oñatiko Udalak lehen premisa bete du, iragarkia atzo publikatu baitzen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

 

  20/2021 legeak, lan eskaintza publikora atera beharreko lanpostuen osatze sistema  ere zehazten du, behin behinekoz noiztik bete diren oinarri hartuta. Hala, 2016a baino lehen sortutako plazak meritu lehiaketaz osatu beharko dira, 2018, 2019 edo 2020an sortutakoak, lehiaketa-oposizio sistemaz eta gainontzekoak ohiko prozeduraz. Oñatiko Udalaren aparteko eskaintza publikoan, egonkortze lehiaketa sistemaz 15 plaza osatzea aurreikusten da eta egonkortze oposizio-lehiaketa sistemaz, beste 5 plaza. Gehienek, 14k funtzionario izaera izango dute eta seik berriz,  laboral izaera. Zerrendatu diren 20 plaza hauetako bakoitzari dagokion deialdi espezifikoa, bete beharreko baldintzak, baloratuko diren merituak eta bestelakoak zehaztuz, urtea amaitu baino lehen kaleratu beharko ditu Udalak, eta plazak osatzeko hautaketa prozesuak 2024a amaitzerako bete beharko dira. Prozesuak irekiak izango dira eta edonor aurkeztu ahal izango da Oñatiko udalak, edo beste edozein administraziok, deitzen dituen hautaketetara, beti ere, aldian-aldian zehazten diren oinarri edo baldintzak bete ezkero.

 

  Udalak argitaratu berri duen aparteko lan eskaintza publiko honetan 2022ko lan eskaintza txertatu du: idazkaritzako administraria eta ofizial ondokoa plaza bana jaso da deialdian, biak barne promozioz osatu asmo direla zehaztuta. Kasu honetan ere eskainitako plazak eskuratzeko baldintzak zehazteke dauzka Udalak baina prozesuak lehenbailehen abiatu nahi dira, hautaketa 2022an bertan burutzeko. Beste 20 plazak osatzeko berriz, bi urte eta erdi izango ditu Udalak, esan bezala, 2024ko abenduaren 31ra arte, alegia.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!