Udala Euskal Herriko energia komunitateen sarean sartuko da
Enhergia Euskal Heriko energia komunitateen sarea da eta, elkarrekin, energia burujabetzaranzko bidea egiteko sortu zen. Helburu ditu, besteak beste, Euskal Herriko energia komunitateen ordezkaritza eta kudeaketa egitea, energia trantsizio iraunkorraren aldeko politika publikoak sustatzea, pobrezia energetikoaren aurkako borrokan laguntzea edota euren energia-kontsumoaren eragina murriztera bideratutako jarduerak sustatzea. Era beran, Europako beste energia komunitate batzuekin aliantzak indartu eta energia komunitateen sare indartu bat osatu nahi da.
Udalbiltzaren babesean sortu zen Enhergia sarea martxoan aurkeztu zen eta ordutik etengabe handitzen ari da. Udalerriak, erakunde publikoak, energia komunitateak nahiz norbanakoak izan daitezke sareko bazkide, bakoitzak zeregin ezberdina izaki eta zerbitzu ezberdinak jasoz baita ere. Oneko Oñatiko Energia komunitatea Enhergia sareko kide da eta Udalak ere urrats bera ematea erabaki du, gehiengoz. Izan ere, EAJk abstentziora jo baitzuen, gaia ez zutela argi ikusten adierazi zuen Eva Gayubo zinegotzi jeltzaleak, mugimendu makro moduan planteatzen zela sarea, zehaztasun gutxirekin eta energiatik haratago doan zerbait dirudiela. Xabier Igartua alkateordeak erantzun zion, sarea han eta hemen sortzen ari diren energia komunitateei soportea emateko bitarteko moduan aurkeztuz, tokian toki errepikatzen diren arazo bertsuei irtenbide bateratu eta errazagoa emateko bitarteko moduan.
Ingurumen batzordean adierazitako aldeko botoa aldatu zuen EAJren udal taldeak eta abstentziora jo zuen, esan bezala, baina proposamena onartu zen EH Bilduren aldeko botoz. Ondorioz Oñatiko Udala ere Enhergia sareko kide egingo da, Oneko Oñatiko Energia komunitatearen antzera, eta batzar eratzailerako zein batzar orokorrerako ordezkaria eta honen ordezkoa izendatuko ditu. Era berean, 2.000 euroko ekarpena egingo dio sareari kide laguntzaile gisa.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!