Oñatiko udala

Udal zergak izoztea proposatu du EAJk, gobernu taldearen % 4,43ko igoeraren aurrean

2026/10/26
Card image cap
Alokairu eskuragarria sustatzeko pizgarriak ere planteatu dituzte jeltzaleek, besteak beste

  Ostegunean egingo den Osoko Bilkuran eztabaidatuko dira 2027ko udal ordenantza fiskalak, hau da, udal zerga eta tasak. Jeltzaleek zabaldu duten oharraren bitartez jakin dugu udal gobernu taldeak % 4,43ko igoera orokorra aurreikusi duela baina jeltzaleak ez daude horrekin ados eta zergak izoztu eta tasak KPIa eta zerbitzuen kostura egokituta eguneratzea proposatu dute. EAJren ustez, zerga guztiak ez dira automatikoki igo behar, eta ordenantza fiskalek herriko arazo zehatzei erantzuteko tresna izan behar dute; hala, hiru arazo konkretu zerrendatu dituzte: alokairuko etxebizitzen eskaintza eskasa, gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunak eta mugikortasun jasangarriago baterantz egiteko beharra. Zentzu horretan, hobari berriak ezartzea proposatu dute jeltzaleek.

  EAJren proposamenaren ardatz nagusietako bat etxebizitza da eta ezinbestekotzat jotzen da hutsik dauden etxebizitzak alokairu merkatura bideratzea. Etxebizitzak prezio eskuragarrietan alokatzera animatu behar dira jabeak. Nola? Ondasun Higiezinen gaineko Zerga erdira murriztuta, partikularren artean alokatzen diren eta prezio-muga jakin batzuk betetzen dituzten etxebizitzentzat. Hobari hori eskuratzeko, alokairuak ezin izango luke hilean 675 eurotik gorakoa izan 90 metro koadro arteko etxebizitzetan, ezta metro koadroko 7,5 eurotik gorakoa ere azalera handiagoko etxebizitzetan. Era berean, alokairu-merkatuan etxebizitzak sartzera bideratutako eraikuntza eta obren gaineko zergaren hobariak eskuratzeko baldintzak malgutzea planteatu dute jeltzaleek. Kasu horretan etxebizitzaren hileko gehieneko alokairua 675 euroan ezartzea proposatu du EAJk, gobernu taldeak nonbait aurreikusten duen 590 euroen aurrean. Muga hauen haritik jabeei pizgarriak eskaini behar zaizkiola esan du Xabier Mugarza Ogasun Batzordeko bozeramale jeltzaleak, baldin eta alokairuko etxebizitza gehiago egotea nahi bada.

  Gazteengan fokua jarrita, udal onurak gazteen egungo errealitatera egokitu behar direla deritzote jeltzaleek, eta independentzia ekonomikoa gero eta beranduago lortzen dutela kontutan hartzea eskatzen dute. Kiroldegiko gazteentzako tarifetan adin muga 22 urtetik 25 urtera igotzea eskatzen dute, aurreko urteetan bezala.  Jasangarritasunaren arloan, ibilgailu elektrikoentzako karga puntu homologatuak instalatzen dituzten garaje plazei % 50eko hobaria aplikatzea proposatzen da eta, bestalde, eraikuntza eta obren gaineko zergaren gutxieneko zerga-oinarriak kentzea.

  Ordenantza fiskalek dirua biltze hutsetik haratago, Oñatiko benetako arazoei erantzuteko tresna ere izan behar dutela adierazi dute jeltzaleek, prentsa ohar bidez. Proposatutako guztiari udal gobernu taldeak zein erantzun ematen dion jakingo dugu osteguneko Osoko Bilkuran.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!