Oñatiko udala

Udal Plangintzako Aholku Kontseilua berritzeko deialdi berria ireki du Udalak

2026/09/02
Card image cap
HAPOari buruzko erakusketa ere jarriko da Santa Ana aretoko sarrerakoan

  Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) tramitazioa berraktibatzeko ezinbestekoa da Aholku Kontseilua berritzea. Hartarako deialdia egin zuen Udalak uztaila amaieran eta izena emateko epea irailaren 18an amaitzen dela gogoraraziz oharra zabaldu berri du. Aholku Kontseilua herriko elkarte eta eragileek osatutako organo kontsultiboa da, eta HAPOaren prestaketan eta tramitazioan aholkularitza eta ekarpenak egiteko eginkizuna du.

  Azken urte hauetan Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren dokumentazioa lantzen aritu dira eta planaren behin behineko onarpena datozen hilabeteetan izapidetu asmo du udal gobernu taldeak. Baina horretarako, Aholku Kontseilua berriro eratu behar da. Deialdia elkarte eta herri-eragileei zuzendu da, halakoek osatzen dutelako Aholku Kontseilua. Hau da, norbanako moduan ezin da parte hartu. Hala, udal ordezkaritza duten alderdi politikoez gain, ondorengo arloetan jarduten duten elkarte eta eragileek parte hartu dezakete: landa auzoak, auzo-elkarteak, ingurumenaren babesa, abeltzaintza eta nekazaritza, basogintza, kultur ondarea, kirola, dibertsitate funtzionala, merkataritza eta ostalaritza, mugikortasun iraunkorra, enpresa-elkarteak, sindikatuak, gazteria, hirugarren adina, talde feministak, kultur eta jatorri-aniztasuna edota eskola-komunitatea, besteak beste. Legez eratutako elkarte nahiz bestelako herri-eragile antolatuetako ordezkariak izan daitezke Aholku Kontseiluko kide. Baina izena eman behar dute eta horretarako epea irailaren 18an amaitzen da. Izen-emate hori telematikoki egin daiteke udaleko web atarian sartuta edo aurrez aurre, HAZ bulegoan. 

  Aholku Kontseilua eratuta, lehenengo bilera urrian egitea aurreikusten da. Honen hasierako zeregina izango da Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren behin-behineko dokumentua aztertu eta haren inguruko iritzia ematea. Plana onartu ostean ere elkartuko da, egiturazko antolamenduari eragiten dioten berrikuspen, aldaketa edo plangintza-tresna berriak ezagutu eta horien inguruko iritzia emateko.

  Aholku Kontseiluaren eraketa prozesuarekin batera, HAPOaren hasierako onarpenerako edukia herritarren eskura jarri nahi du Udalak eta erakusketa antolatu du, Santa Ana aretoko sarrerakoan. HAPOaren hasierako onarpenerako edukia eta irizpide nagusiak laburbiltzen dira; planaren proposamen nagusiak, aurreikusitako garapenak eta etorkizuneko Oñatirako planteatzen diren irizpideak jasotzen dira. Erakusketa datozen egunotan irekiko da eta astelehenetik ostiralera, 10:00tatik 18:00etara, bisitatu ahal izango da. Era berean, azalpen saio bat egingo da irailaren 17an, 18:00tan, Santa Ana Antzokian bertan, interesa duen orori HAPOaren nondik-norakoak azaldu eta prozesuaren hurrengo urratsen berri emateko.

  Datozen hamarkadetan Oñatiko lurralde-antolamendua baldintzatuko duen oinarrizko dokumentua da Hiri Antolamendurako Plan Orokorra. besteak beste, etxebizitzak, jarduera ekonomikoak, ekipamendu publikoak, azpiegiturak eta espazio berdeak non kokatu daitezkeen zehazteko du. Horregatik, Udalak dei berezia egiten die herriko elkarte eta eragileei Aholku Kontseiluan parte hartu eta herriaren etorkizunaren inguruko hausnarketan ekarpenak egin ditzaten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!