Udal gobernu taldeak bat egiten du Herrira mugimenduak Alberto Plazaolaren alde antolatutako ekimenekin
Hiru izango dira hilaren 15ean beste hainbat herritarrei lagunduz Galiziarako martxa honetan parte hartuko duten udal zinegotziak: Iosu Lizarralde, Xabi Pico eta Nerea Zubia. Aurrez, asteburu honetan bertan alkateak eta beste hainbat herritarrek Alberto Plazaola bisitatuko dute. Datorren zapatuan esan bezala hiru zinegotzi joango dira Galiziara baina Udal gobernu talde osoak bat egin du HERRIRA mugimenduak antolatu duen elkartasun ekimen honekin atzo plazan egin zuten agerraldian argitu zutenez.
Bildutako hautetsiek gainera, Alberto Plazaolari 197/2006 doktrina aplikatu izanaren aurka udalbatzak aho batez onartu zuen mozioan esandakoa berretsi zuten. Mikel Biain alkateak, maiatzeko Osoko bilkuran onartutako mozioa gogorarazi zuen.
Puntuetako batek, entzun dugunez, espetxeko zuzendariari mozioa helaraztea onartzen zuen. Hori gauzatu ahal izateko, udal ordezkariek Curtis Teixeiroko zuzendariarekin hitzordua eskatu dute, gutuna eskura eman ahal izateko.
Atzoko agerraldi publikoan, Bilduko hautetsiek HERRIRA mugimenduak hilaren 15erako antolatu duen elkartasun martxarekin bat egiten zutela azaldu ez ezik, herritarrak ere parte hartzera deitu zituzten.
Alberto Plazaolak ia 22 urte daramatza espetxean eta pasa den maiatzean Parot doktrina moduan ezagutzen dena aplikatzerakoan, bere egoera muturrekoa izatera pasa dela esan zuten Bilduko udal ordezkariek atzoko prentsaurrekoan.
UDAL GOBERNU TALDEAren idatzia: "Jakina denez, Alberto Plazaola preso politiko oñatiarrari biziarteko
zigorra ezarri berri dio aurten Espainiar justiziak. Nahiz eta
Estrasburgoko Epaitegiak biziarteko zigor hau baliogabetzeko agindu
dion, Espainiak Europak agindutakoa ez duela beteko esan du.
Bidegabekeria honen aurrean, oñatiko HERRIRA mugimenduak mobilizazio ezberdinak egin ditu dagokion legedia aplikatzeko exigituz. Ekimenekin
jarraituz, Irailaren 15-ean Elkartasun martxa bat antolatu dute Alberto
Plazaola gatibu duten Curtis gartzelara, gure herrikideari elkartasuna
adieraztera.
Ekimenarekin bat eginez udal ordezkariok
prentsaurreko bat burutuko dogu, gaur irailak 5 arratsaldeko 18:30etan,
herriko plazan. Prentsaurrekoaren helburua ekimenarekin bat egin eta
udal ordezkaritza bat martxara joango dela aditzera izango da. Zuen
hedabideak berriari estaldura ematera nahiko genuke.
UDAL GOBERNU TALDEA"

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!