Udal Ordenantza Fiskalak % 4 jasotzea proposatu du gobernu taldeak 2023rako

2022/10/18
Card image cap
Hobari berriak eta horiek emateko oinarri ezargarrien eguneratzea proposatu dute

  Datorren ostegunean, urriaren 27an egingo den Osoko Bilkuran eztabaidatuko da 2023ko Udal Ordenantza Fiskalen gaia, baina gobernu taldeak bere proposamena helarazi dio jada EAJ udal taldeari eta prentsa-ohar bidez ere zabaldu du.
Oro har, %4ko igoera orokorra proposatzen da udal zerga eta tasetan 2023rako, hau da, iazko irailetik aurtengora arteko KPIaren azpitik, Hego Euskal Herriko urte arteko KPIak %10eko ezohiko igoera izan baitu, bereziki erregaien garestitzeak eraginda. Ezohiko egoera ekonomiko honetan eta etorkizuna ziurgabetasunez josia dagoela onartuta, herria ezin dela gelditu adierazi dute udal ordezkariek. Kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen eta herrikideak eta elkarteak laguntzen jarraitzeko arduraz landutako ordenantza fiskalak proposatzen dituztela azpimarratu dute, prentsara zabaldutako oharrean.

  Udal zerga eta tasak orokorrean, %4 jasotzea proposatzen dute baina hobariak emateko oinarri ezargarriak eguneratuta. Hala, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zergan, Euskaltegiko zerbitzuagatiko tasan eta Udaleku Irekietako eta Txaloka Ludotekako matrikuletan gehieneko muga igotzea proposatzen da eta familia unitateko urteko diru sarreren erreferentziak eguneratzea: 12.000 eurotik 13.500 eurora; 24.000 eurotik 26.000 eurora; 50.000 eurotik 54.000 eurora; eta 90.000 eurotik 95.000 eurora jasoaz. Langileen Gutxieneko Soldataren eguneraketa ere egingo litzateke Kiroldegiko hobarien tauletan, gehieneko muga 13.300 eurotik 15.000 eurora jasoz eta guraso bakarreko familiek, familia ugarien pareko kontsiderazioa izatea proposatzen da. Neurri guzti horiek onartuta, herrikide gehiagok izango luke hobariak jasotzeko aukera, udal gobernu taldeak argitu duenez.

  Hobari berriak ere jaso dira gobernu taldearen proposamenean, eta etxebizitzen energia eraginkortasuna sustatzen dutenak nabarmentzen dira. Hala, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan kuota osoaren %50eko hobaria lortuko lukete A motako efizientzia energetikoaren etiketa luketen edo lortuko luketen ondasun higiezinek.

  Bestetik, trantsizio ekologikoari begirako neurri moduan, CO2 isuri baxuak dituzten ibilgailu berrientzako hobariak proposatzen dira, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen Gaineko Zergan, %25 edo %40ko hobaria aplikatuz ibilgailuak isurtzen duen karbono dioxidoaren arabera.

  Udal gobernu taldearen proposamena oposizioaren esku dago orain. Urriaren 27ko Osoko Bilkuran eztabaidatu eta erabakiko dira 2023ko Udal Ordenantza Fiskalak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!